Itsasotik jasotako hondakinak produktu jasangarri bilakatuko dituzte Ondarroan
CircularSeas izenburupean, portuan sortutako edota itsasoan jasotako hondakinak produktu jasangarri bilakatuko dituzte, 3D inprimagailuak erabilita. Hiru urtean garatuko dute egitasmoa Ondarroako portuan.
Portuko eta itsasoko enpresa industrialetan sortutako plastiko hondakinen diagonostiko batetik abiatuz, hondakin horiek guztiak nola edo hala kudeatu beharra zegoela ikusi zuen Leartikerrek. Hondakin guzti horiek produktu jasangarri bihurtu ahal zirela iritzita, CircularSeas proiektua sortu zuten. Hala, 3D inprimaketa teknologia erabilita, hondakin horiek produktu jasangarri bilakatuko dituzte. Produktu jasangarriagoak eta biodegradagarriak ere erabiliko dituzte lehengai modura, 3D inprimagailuekin produktu berriak sortzeko.
Proiektua 2022. urtera arte garatuko dute Ondarroako portuan. 2016an hasi ziren proiektuaren lehen urratsak ematen, eta inplementazioa, berriz, iazko apirilean hasi zuten. Denetara hiru urte edukiko dute garatzeko. Ekonomia zirkularragaz, itsas sektoreagaz eta 3D printing teknologia berritzaileagaz lotuta dagoen proiektu hori Europa mailako beste bost portutan ere garatuko da: Vigo (Espainia), La Rochell (Frantzia), Cork (Irlanda), Plymouth (Britainia Handia) eta Peniche (Portugal).
Maria Txakartegi Azaro Fundazioko berrikuntza teknikariak Ondarroako portuko ordezkariekin elkarlanean aurrera eramandako diagnostikoaren lehen emaitzak eta ondorioak aurkeztu zituen Ondarroako Kofradia Zaharrean egindako aurkezpenean. “Lehenengo metodologia bat pentsatu dugu, proiektuko leku guztietan era berdinean egiteko. Portu bakoitzean zer dagoen, zer egiten den, zelan batzen den, zelan sailkatzen den, eta gaur egun nora arte ailegatzen diren ikusita, tokian tokiko beharrizanak antzemango ditugu. Proiektua garatuko den sei portuetako diagnostikoak batu ahalko ditugu. Besteak beste, apurtzen diren kaxak eta sareak hartu ditugu kontuan”.
CircularSeas proiektuaren aurkezpenean parte hartu zuten itsas eta arrantza sektoreko hainbat ordezkarik. Tartean, ekintzaileek, portuko eta kofradiako langileek, industriako ordezkariek eta beste hainbatek. Denek ere proiektua hurbilagotik ezagutzeko aukera eduki zuten.
CircularSeas Interreg programa europararren barruan kokatzen da, eta bertan Atlantikoko bazkideak parte hartzen ari dira; bost herrialdetako zortzi erakunde denetara. Proiektuaren liderra Leartiker da, eta Azaro Fundazioa bazkide da Frantziako Universite de la Rochelle eta Communaute d’ Agllomeration de La Rochelle erakundeekin, Vigoko unibertsitateagaz, Britainia Handiko Plymouth-eko unibertsitateagaz, Irlandako Cork-eko Teknologia Institutuagaz eta Portugalgo Leiria Institutu Politeknikoagaz batera.