Txistu eginez, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin bukatzea eskatuko dute
Barikuan 19:30ean etxeko leiho eta balkoiak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute. Lehenago, baina, 'Etxetik Etxera' saio bereziaren bigarren atala proiektatuko dute.

Sare eta Etxerat elkarteek euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea eskatuko dute, beste behin, barikuan [apirilak 24]. Lehenago, baina, Etxetik Etxera saio bereziaren bigarren atala proiektatuko dute.
Etxeko leiho eta balkoiak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute elkarteek etzirako. Izan ere, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak gogorrak baziren lehen, COVID-19ak eragin duen alarma egoeraren ondorioz, “are gogorragoak” bilakatu direla diote, “bai euskal presoentzat zein haien senide eta lagunentzat”.
Hori horrela, balkoi eta leihoetatik hiru aldiz txistu egitera deitu dute 19:30ean. Ekimena, baina, etxeetatik sare sozialetara eraman gura dute, “aldarrikapena ahalik eta gehien zabaltzeko”. Protesta hori bideoan grabatzea eskatu dute, horizontalean, eta, ondoren, Sareren posta elektronikora, edo 678 137 405 telefono zenbakira bidaltzeko eskatu dute; prentsa@sare.eus da helbidea. Sare sozialetan partekatzeko deia ere egin dute #EtxeanNahiDitugu traola erabilita.
Aldarrikapenen aurretik, 19:00etan, Etxetik Etxera saioarenĀ Zabaldu leihoak etorkizun berri bati izeneko bigarren atala jarraitu ahalko da Sare Herritarraren Facebook eta Youtube kanaletan, eta Hamaika Telebistan eta telebistaren sare sozialetan; ordu erdiko saioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Hilabeteko azken ostirala izanik, martxoan egindako saioari jarraipena ematea erabaki dute.