Naia Larrinaga: "Ahalegin berezia egiteko egunak dira"
Hil ala biziko egoerei aurre egitera ohitu da anbulantzian beharrean daramatzan azken 11 urteotan. Koronabirusagaz kutsatzeko arriskuari aurre egin behar dio orain Larrinagak.
Egunerokoa hankaz gora ipini du COVID-19 gaitzak, eta egunotan inoiz baino premiazkoagoa bihurtu da osasungintzako langileen lana. Ezohiko egoera honetan lehen lerroan lanean ari denetako bat da Naia Larrinaga Bengoetxea (Ondarroa, 1991). Oinarrizko bizi euskarria eskaintzen duen Ondarroako anbulantziako teknikaria da.
Zazpi aste daramatzagu alarma egoeran. Zelan daramazue egunerokoa?
Hasieran nahikoa urduri ibili ginen. Ez genekien zer etorriko zen, eta zelan izango zen, eta ezjakintasun horrek hasieran nahikoa tentsio eragin zigun. Dena zen beldurra, dena alarmista. Baina asteak igaro ahala, egoerara ohitzen joan gara.
Bizi dugun egoera kontuan hartuta, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da konfinamendu neurriak betetzea.
Orain arte jendeak nahikoa ondo bete ditu neurriak, baina, azkenaldian, jendea erlaxatu egin dela iruditzen zait; ohikoa baino jende gehiago sumatzen da kaleetan. Zera nahi nuke azpimarratu: neurriak zenbat eta hobeto bete, arinago bueltatuko gara normaltasunera; neurri hauek denon onerako dira azkenean.
Lan karga handitu egin zaizue?
Egia esan, ohikoa baino lan gutxiago ari gara egiten. Jendeak, antza, beldurra du ospitalera joateko, eta jendeak buru gehiagogaz deitzen du larrialdietara. Orain benetako larrialdia dutenean deitzen dute; euren burua ezinean ikusten dutenek, hain zuzen ere.
Datuen arabera, osasungintzako sektorea da pandemiak gehien kutsatu duena.
Bi ume ditut, eta egoerak bereziki kezkatzen nau. Etxera sartu baino lehen, aldean ditudan arropak ate kanpoan kentzen ditut. Laneko uniformea ere poltsa batean ekartzen dut, eta etxera ailegatuaz batera garbigailuan sartzen dut kendu berri ditudan arropekin batera. Jarraian, dutxara sartzen naiz, etxekoekin ezelako kontakturik eduki barik.
Etxera sartu, eta familiakoak ezin agurtzea gaitza izango da.
Egoerara ohitzea nahikoa kostatu zait, baina bagoaz pixkanaka ohitzen. Alabak betidanik ezagutu izan nau anbulantzian lanean, eta egoera ohikoa modura hartu du. Etxean jarraitu beharreko protokoloa ondo azaldu diogu, eta ez zaio arraroa iruditu, ezta zaila ere. Onerako gauza bat denez, ondo ulertu du. Semeak, aldiz, ez du aparteko ezer igarri; oso txikia da.
Gaixo bat artatzera joateko abisua ematen dizuetenean, balizko koronabirus kasu bat den edo ez jakinarazten dizuete?
Hori guztiori koordinazio zentrotik jakinarazten digute, Norbera Babesteko Ekipoak (NBE) behar ditugula azpimarratuz. NBEa, soilik, gaixoa artatzera doan teknikariak jantzi behar du. Kasu horretan, bakarrik artatu behar izaten dut gaixoa, anbulantziako gidariaren inolako laguntzarik barik.
Zentro koordinatzailetik NBEa jantzita joango zaretela azaltzen zaie gaixoei?
Protokolo guztia zelakoa izango den azaltzen zaie gaixoei, 112ra deitzen duten unetik. Babes neurriak, gidariak eta teknikariak ezeze, artatzen ditugunei ere ipini behar dizkiegu nahitaez. Lehen ez modura, maskarak eta eskularruak jantzi beharra dago, babes neurri modura.
Koronabirusaren sintomak dituzten gaixoekin beharra egitea tokatu zaizu?
Ez zait horrelakorik egokitu, baina lankideei bai. Bati aldez aurretik koronabirusagaz kutsatuta zegoela baieztatu bariko gaixo bat artatzea tokatu zitzaion.
Halakoetan, zeintzuk neurri hartzen dira?
Horregaz gaixoagaz kontaktuan egon direnak berrogeialdira bidaltzen dituzte, eta ostean, test azkarra egiten diete. Negatibo ematen badute, lanera bidaltzen da langile hori.
Test azkarrik egin dizuete?
Proban positiboa eman duen gaixo bategaz kontaktua eduki eta sintoma batzuk zituen lankide bati egin diote proba bakarrik. Bestalde, hiru lankide berrogeialdian daude.
Horrek lan karga areagotuko zizuen, ezta?
Bost teknikari eta bost gidari gara lantaldean. Berrogeialdian egon diren denak teknikariak dira, eta horri guztiari biren artean egin behar izan diogu aurre. Nire kasuan guardia gehiago egitea tokatu zait; aste oso gogorrak izan dira, baina herritarrengatik ahalegin berezia egiteko egunak direla iruditzen zait.
Eskualde mailan zuen moduko zenbat anbulantzia daude?
Larrialdietako hiru anbulantzia daude. Ondarroakoa eta Lekeitiokoa oinarrizko bizi euskarriak dira. Markina-Xemeingoak zerbitzu osatuagoa eskaintzen du; erizain zerbitzua ere badauka.
Anbulantziak zelan desinfektatzen dira?
Hainbat ospitaletan ozono makinak daude, eta hortxe desinfektatzen dugu ibilgailua kutsatutako bat edo balizko kasu bat artatu badugu. Denbora gutxi behar izaten da horretarako; hamar bat minutu.
Herritarrek leiho eta balkoietatik zuen eguneroko ahalegina txaloz eskertzen dizuete.
Detaile polita da. Larrialdirik ez badugu, anbulantzia atera eta txalo horiek sirena hotsekin eskertzen saiatzen gara.
Bestelako detailerik eduki dute zuokin herritarrek?
Herrian, zorionez, elkartasun keinu asko ikusi ditugu egunotan. Aurrekoan, esaterako, auzo batera gerturatu ginenean tarta zati bat ekarri ziguten. Herritar askok, bestalde, euren etxeetan egindako maskarak eta pantailak ere ekarri dizkigute. Nire bizilagunek ere euren laguntza eskaini didate; ezer behar badut eskatzeko esan didate. Alde horretatik oso eskertuta nago. Udalari eta Artibai egoitzari ere eskerrak eman nahiko nizkioke, eman diguten aparteko laguntzagatik.
Ekimen polit bat ere sortu duzue. Herrietako kaleak musikagaz alaitzera irteten duzue tartean-tartean.
Sare sozialetan haurren itxialdia arintzeko asmoagaz hainbat ekimen sortu direla ikusi genuen, eta gu ere antzerako zerbait egitera animatu ginen. Herriko guraso taldeen artean zabaldu genuen proposamena, eta jendeari ondo iruditu zitzaion. Irten genuen lehen egunean herritar bat kexatu egin zen sare sozialetan, eta ekimena bertan behera uztekotan ere egon ginen. Baina herritarren aldetik jaso genituen animo eta eskarien ondorioz, berriro kaleak musikaz animatzera irten genuen, gure arduradunen oniritziagaz. Ahal dugunean, urteak betetzen dituzten umeak zoriontzera ere hurreratzen gara. Anbulantziagaz ume horren etxe azpira joaten gara, eta musika eta sirena hots artean, ahal dugun neurrian eguna alaitzen saiatzen gara.
Egunero irteten duzue?
Astean pare bat aldiz irteten dugu guri dagokigun zonaldean (Ondarroa eta Berriatua). 18:00etan irteten dugu, eta Ondarroan buelta eman ostean, Berriatura ere joaten gara. Larrialdiren bat suertatuz gero, egiten ari garen hori alde batera laga, eta ziztu bizian larrialdia artatzera joaten gara.