DIA supermerkatuetako langileak grebara deitu ditu ELAk
Ordu erdiko bi lanuzte egingo dituzte astelehenean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako DIA Supermerkatuetako langileek.
DIA taldeak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dituen dendetan lanuzteak egingo dituzte astelehenean [maiatzak 11]. Ordu erdiko bi lanuzte egingo dituzte: 12:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 17:30era. ELA sindikatuak egin du deia, enpresa horretako langileen lan baldintzak salatzeko. Sindikatuak salatu duenez, azken asteotan lan karga handitu bazaie ere langileek ez dute bidekoa konpentsazio bat jaso.
ELAk jakitera eman duenez, elikagaien merkataritzako langileen egoera kritikoa izaten ari da COVID-19aren krisia hasi zenetik. “Dendetan lana aurrera ateratzeko egiten ari diren ahalegina eta gainkarga aitortzea eta saritzea eskatzen du kolektiboak”. Sindikatuak salatu duenez, langileek sektore bereko enpresetako langileek baino konpentsazio gutxiago jasotzen dute. “DIA Supermerkatuek langileek beren gain hartzen duten ahalegina eta arriskua 250 eurorekin konpentsatzen du, sektoreko beste enpresa batzuetan aitortzen dena baino askoz ere gutxiago. Langileek asmo onen edo limosnen adierazpenetatik haratago doan aintzatespena eskatzen dute. ELAk mobilizazioekin jarraituko du DIA Supermerkatuek kolektiboari bidezko konpentsazioa eman arte”.
Azken asteotako lan gainkarga leuntzeko eta segurtasuna ziurtatzeko asmoagaz, hainbat eskari egin dituzte langileek. Besteak beste, segurtasun neurri egokiagoak, langile gehiago kontratatzea, gehiegizko orduak aparteko ordu modura ordaintzea, gehiegizko esfortzua konpentsatzeko atsedenaldia, konpentsazio ordainsaria egokitzea eta enpresak merkataritza ordutegiak 09:00etatik 21:00etara irekitzeko hartutako azken erabakia atzera botatzea. “Azken erabaki horrek kutsatzeko arrisku handiagoa dakar, eta, aldi berean, lana eta familia bateratzeko ezintasuna”.
ELAk, bestalde, Jaurlaritzako deitutako Krisi Mahaian parte hartu duela agertu du, baina erakundeak ez duela elkarrizketarako biderik ireki nahi izan salatu du. “Ez du sindikatuen ekarpenak eztabaidatzeko aukerarik eman ere”. ELAk elkarrizketarako eta negoziaziorako prest dagoela adierazi du; Jaurlaritzari eskariak aintzat hartu ditzala eta “jarrera autoritarioa” bertan behar utzi dezala eskatu dio. “Beste behin ere erakutsi dute bileraren helburu bakarra izapide formal bat betetzea izan dela, elkarrizketarako inongo asmorik gabe. Eusko Jaurlaritzak ezin du Madrilen agintea bakarrik ez aplikatzea eskatu, eta bere erantzukizun eremuetan gauza bera egin”.