Etxetik urrun, kantxa zapaltzeko gogotsu daude Floridan ari diren puntistak
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko puntistak Floridan daude, zesta-puntara jokatu barik. Martxoaren 15ean lehiatu zuten azken partidua, eta ez dakite noiz bueltatuko diren frontoietara.
Etxetik kanpo, eta frontoia zapaldu ezinik. Horrela daude Euskal Herriko puntistak Floridan. Amerikako Estatu Batuetako kostalde hori beti izan da ihesbidea puntistentzat; eurek gustuko duten zesta-puntaz bizitzeko aukera bakarra. Eta hala da oraindik ere.
Fort Lauderdaleko Dania Jai Alai pilotalekuan ari dira eskualdeotako hainbat eta hainbat puntista. Etxetik milaka kilometrotara, etxekoetatik urrun. Herrimina daukate, baina gustuko dutenaz gozatzen dute. Egoera, baina, asko aldatu da orain. Koronabirusaren eraginez, bi hilabete daramatzate jokatu ezinik.
Martxoaren 15ean jokatu zuten azken partidua, eta martxoaren 17an itxi zituzten frontoiko ateak. «Momentu horretan, bi astez jokatu barik egongo ginela esan ziguten. Apirilaren 1a iritsi zen, eta maiatzaren 1era arte luzatu zuten itxialdia», azaldu du Unai Lekerika puntista gernikarrak. Eñaut Salegi markina-xemeindarrak bazekitela maiatzaren 1ean ere ezingo zutela jokatu dio: «Asterik aste ikusi dugu egoerak txarrerantz egin duela. Euskal Herriko datuak zeintzuk ziren ikusita, eta hemen ere kasuek zelan egiten zuten gora aztertuta, bagenekien maiatzean ez genuela jokatuko».
“Kontratu kolektiboa daukagu enpresagaz. Apirilean, martxoko soldata kobratuko genuela jakinarazi, eta maiatzean ez genuela apirilekoa jasoko esan ziguten. Maiatzean mediku asegurua ere kendu digute”
Eta oraindik ere ez dakite noiz jokatuko duten. Maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean jokatzekoak ziren udako azken denboraldia, baina atzeratu egin dute. «Daniako arduradunek ez digute ezer esan, baina ez daukagu maiatza bukatu aurretik jokatzeko esperantzarik», dio Lekerikak, eta ekainean jokatzea «aztertu beharreko kontua» dela uste du Salegik: «Itxura batez ekainean hasi gaitezkela suma daiteke, baina ideiarik ere ez dugu. Asterik aste goaz».
Arduradunek ere ez dakitela ezer diote, eta frontoia zabaltzea Donald Trumpen eta Floridako gobernuen eskuetan dagoela uste dute. «Guretzako ezjakintasuna da nagusi. Etxean gaude geldi. Ez dakigu azken denboraldi hau hasiko den edo ez».
Mediku asegurua. Jokatu barik daude, eta ez dute soldatarik. Maiatzaren 1etik, gainera, mediku aseguru barik geratu dira. «Kontratu kolektiboa daukagu enpresagaz. Apirilean, martxoko soldata kobratuko genuela jakinarazi, eta maiatzean ez genuela apirilekoa jasoko esan ziguten. Hala ere, apirilean, mediku asegurua mantendu ziguten. Maiatzean, berriz, ez», dio Lekerikak. Horren aurrean, euren kabuz lortu behar izan dute beste asegururen bat, bakoitzak bere erara. Han dena da pribatua, eta mediku asegurua lortzea oso «garestia» dela dio Salegik: «Bakarrik gaudenontzat ez da horrenbesteko arazoa. Baina asko daude andre eta seme-alabekin. Eurentzako egoera zailagoa da».
Apirilean ez zutenez soldatarik jaso, langabezia jasotzeko izapideekin hasi ziren: «Bisadunak gara, eta ez genekien langabezia kobratu ahal izango genuen edo ez, baina azkenean lortu dugu. AEBetako Gobernuak emandako laguntza jaso dugu».
Ekainaren 30era arte dute bisatua Lekerikak eta Salegik, eta ordura arte Floridan geratzeko asmoa dute. Udako denboraldian Euskal Herria itzultzen dira. Aurten, baina, «kezkatuta» daude bisen kontuagaz. Trumpek immigrazo politika oraindik gehiago gogortu du koronabirusagatik, eta hainbat muga eta kontrol ezarri ditu. Ez dakite irailean Floridara itzuli ahalko diren: «Uztailaren 1ean etxera joan beharko gara, bai edo bai. Irailean bueltatzeko beste bat eskatu beharko dugu, eta ez dago erraz hori lortzea».
Irailaren 15ean hasten da denboraldia Danian, baina aukera gutxi ikusten dute bertan egoteko: «Egoera ikusita, bueltatzeko aukerak izan arren, aukera gutxi ikusten ditugu. Bisatua behar dugunok seguraski ez dugu denboraldia bertan hasiko, baina itxaron beharko dugu».
Udako denboraldia. Etxera bueltatu eta frontoiak itxita aurkituko dituzte. «Ematen du, momentuz, behintzat, ez Gernikan ezta Markina-Xemeinen ere ez direla frontoiak zabalik egongo», dio Salegik. Ez dira gustuko berriak, baina egoera dena da, eta segurtasuna bermatu behar dela badakite. «Gernikako Grand Slama, Biarritzekoa edota Donibane Lohitzunekoa bertan behera geratuko direla uste dugu. Espainia eta Frantziako gobernuek hartuko dituzten erabakien zain daude enpresak, baina udan partidurik egongo ez den itxura du», azaldu du Lekerikak. Hala ere, oraindik ez dela ezer ofiziala esan dio, eta erabakiaren zain daudela azpimarratu du. «Guri enpresek ez digute ezer esan. Donibane Lohitzuneko enpresak neurriak hartuko zituela esan zigun, baina oraindik ez dakigu ezer».
Etxera bueltatu eta frontoiak jende barik egotea «arraroa» dela diote, eta zale barik jokatzea «ezinezkotzat» dute. «Enpresariek esan dute ateak itxita jokatzea ez dutela aurreikusten. Zestak babesle gutxi ditu, eta ikuskizunak bermatzeko beharrezkoa da sarreretako dirua eta zaleek kontsumitzen dutena lortzea. Horiek barik, ezin dituzte ikuskizunak mantendu». Udan jokatzea ezinezkoa bada, udako denboraldia atzeratzea ere aztertzen dabiltzala diote, baina ez dakite ezer.
Uda arraroa izango da puntistentzat. Etxean jokatzea asko gustatzen zaio Lekerikari: «Floridako azken bi hilabeteetan oso serio jartzen gara. Fisikoki sasoiko jartzen gara udako partiduetan ahalik eta hobetoen egoteko; familia, lagun eta euskal zaletuen aurrean maila ona emateko». Aurtego udan, baina, bestelako egutegia izango du.
Hala ere, zesta-puntak bizirik jarraituko duela eta frontoietara itzultzean jendetza espero dutela dio: «Aurreko udan frontoiak zelan bete ziren ikusita, espero dugu bueltatzerakoan berdina izatea. Jendea urte osoa egoten da itxaroten frontoira joateko, eta bueltatzerakoan euren babesa edukitzea espero dugu».
Kirola egiteaz gain, entretenituta daude Lekerika eta Salegi. Gernikarra Xabi Barandika gernikarragaz bizi da, eta Salegi, berriz, Ekaitz Mendizabal eta Jon Goenaga mutrikuarrekin.
Birusaren baldintzak. Egoerari aurre egin behar zaio, eta ez da erraza. Etxekoetatik urrun daude, baina egoera «ondo» daramatela diote. Koronabirusak Floridan ez du New Yorken bezalako eragina izan, baina larrialdi neurri zorrotzak hartu dituzte: parkeak, hondartzak, dendak… itxita daude. Supermerkatuak bakarrik daude zabalik, eta horietara ere maskarekin joan behar da.
Floridako egoera ez dela Euskal Herrian bezalakoa diote: «Kirola egiten atera ahal izan gara beti. Astean bizpahiru aldiz ateratzen gara, eta etxean ere ariketak egiten ditugu,ordubeteko saioan». Izan ere, sasoi betean mantendu behar dira, «jokatzen hasterakoan, ondo egoteko».
Kirola egiteaz gain, entretenituta daude Lekerika eta Salegi. Gernikarra Xabi Barandika gernikarragaz bizi da, eta Salegi, berriz, Ekaitz Mendizabal eta Jon Goenaga mutrikuarrekin. Elkarregaz paseatzera edota patinekin ibiltzera ateratzen dira. Zestak faltan dituzte, baita frontoia ere. Baina, bitartan, entrenatzeko eta denbora pasatzeko bestelako bideak aurkitu dituzte.