Ikur feministak jartzera deitu dute Ondarroan, Angeluko hilketa matxista salatzeko
Edozein eratako ikur feministak leiho eta balkoietan eskegitzeko eskatu diete herritarrei.
Indarkeria matxistak eguaztenean [maiatzak 6] Angelun (Lapurdi) hildako azken emakumearen hilketa salatzeko ekimenak deitu ditu Ondarroako Udal Berdintasun Sailak. Salatu dutenez, 2020an Euskal Herrian hil duten laugarren emakumea da Angelukoa; bigarrena konfinamendua hasi zenetik. “Hau salatzeko eta konfinamenduan emakume askok laguntza eta babesa eskatzeko izan ditzaketen oztopoei aurre egiteko leiho eta balkoietan ikur feministak jartzera dei egiten dizuegu”.
Zehaztu dutenez, edozein ikur feminista ipini daitezke balkoi eta leihoetan, “bakoitzari bururatzen zaiona”. Besteak beste, jaietako Billurak guaz jai! zapiak, oihal moreak, eskuz egindako kartelak… eskegitzea proposatu dute.”Jarrera aktiboa erakutsiz elkartasun feminista geure egin eta Ez zaude bakarrik leloa egia bihur dezakegu”.