Mutrikuko Udalak 150.000 euro bideratuko ditu COVID-19ak kaltetutako negozioei laguntzeko
Negozio bakoitzak 1.500 euro arteko diru laguntza jaso ahal izango du. Eskaerak maiatzaren 11tik 22ra bitartean egin ahal izango dira.
COVID-19ak kaltetuak izan diren udalerriko merkataritza, ostalaritza eta enpresa txikien jarduera ekonomikoa bultzatzeko asmoz, 150.000 euroko ezohiko diru saila bideratzea erabaki du Mutrikuko Udalak. Erabakia Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek aho batez babestu zuten aurreko eguenean [apirilak 30] egindako osoko bilkuran. Udalak iragarri duenez, diru sail hori aurrekontuaren gerakinetik bideratuko dute.
COVID-19ak eragindako osasun krisialdiak herriko sektore ekonomikoan eragin larria izango duela aurreikusten du udalak. Hori dela eta, kaltetuei laguntza emateko premiazko deialdia egitea erabaki dutela esan dute udal ordezkariek. “Normaltasunerako bidea luzea eta zaila izan daiteke. Mutrikuko Udalak laguntza bat bideratuko du herriko sektore ekonomiko ezberdinetan kaltetuak izan diren enpresa eta saltokiei bultzada bat eman, eta normaltasunerako bide horretan laguntzeko asmoz”.
Interesatuek Mutrikuko Udalaren webgunean eskatzaileen esku egongo den eskaera orria bete, eta telematikoki bidali beharko dute eskatzen den dokumentazio guztiarekin batera. Diru laguntzak maiatzaren 11tik 22ra bitartean eskatu ahalko dituzte helbide fiskala Mutrikun duten merkataritza, ostalaritza edo enpresa jardueren titularrek. “Merkataritza eta ostalaritzaren kasuan, helbide fiskala Mutrikun izan ez arren, azken hemezortzi hilabeteetan zabalik egon den negozio bat bertan dutela frogaturik geratzen bada, eskatu ahal izango dute laguntza hau”.
Azpimarratu dutenez, negozio bakoitzak gehienez 1.500 euroko diru laguntza jaso ahal izango du. “Laguntza lerro hau itzuli beharrik gabeko laguntza izango da, eta beste erakundeek martxan jarri ditzaketen laguntzekin bateragarria izango da”. Udalak iragarri duenez, ekainean egingo dute diru laguntzen banaketa. “Gure asmoa laguntza horiek ahalik eta bizkorren banatzen hastea da”.
Diru laguntzari buruzko oinarri arautzaileak eta bestelako informazioa Mutrikuko Udalaren webgunean dago argitaratuta. Eskariak egiterako garaian zalantzak dituztenek 943- 60 33 78 telefono zenbakira deitu ahal izango dute (astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara) edo turismo@mutriku.net posta elektronikora idatzi.