Ondarroako Udalak 250.000 euro bideratuko ditu udalerriari laguntzeko
Herriko mikroenpresentzako 100.000 euro bideratuko dituzte. Beste 30.000 euro ostalaritzara bideratuko dituzte.
Ondarroako Udalak 250.000 euro bideratuko ditu laguntzetan COVID-19ak eragindako kalteei aurre egin eta “herriari eta herritarrei laguntzeko” asmoagaz. “Ondarrutarrak eta herriko ostalaritza, merkataritza eta mikroenpresak dira herriari bizia ematen diotenak; beraientzako izango dira laguntza guztiak”.
Herriko ekonomia indarberritzeko asmoagaz, laguntzak hainbat esparrutan banatuko dituztela iragarri dute. “Azterketa bat egin dugu alor desberdinetan, eta diru laguntzak horien arabera banatuko dira. Gure asmoa laguntzak herritarrengana zuzenean ailegatzea da: gizarte laguntzen bidez, bonuen bidez eta ostalaritza, merkataritza eta mikroenpresentzako laguntzako zuzenen bidez”.
Lea-Artibai Garapen Agentziaren bidez, esaterako, 100.000 euro bideratu dituzte herriko mikroenpresentzako. Konfinamendua arintzeko prozesuko 1. fasea ezartzen denean, gainera, bonu denden kanpaina ipiniko dute abian. 20.000 euro bideratuko dituzte bonu denda kanpainara. Zatozteren laguntzagaz herriko edozein saltokitan erabili ahal izango dira bonuak; 20 euroren truke beste 10 euro opari jasoko dituzte bonuen titularrek. “Herriko saltokiak eta herritarren ahalmena piztu nahi ditugu modu horretara”.
Udal iturriek gaineratu dutenez, gizarte laguntzetan ere diru saila handi dute; gizarte gaietarako laguntzetan iaz baino 20.000 euro gehiago bideratuko dituzte. Kopuru hori udazkenerako utzi dute. Bonu denda sozial kopuru bat aterako dutela jakitera eman dute, “ikasturte hasierak ekarri ditzakeen gastuei aurre egin ahal izateko”.
Eta 30.000 euroko diru sail bat ostalaritzara bideratuko dute. “Ostalariekin adostutako eta kontsumitzaileak oinarri hartutako formatu baten bidez”. Egoera egun batetik bestera aldatzen doala ikusirik, beste diru sail bat egoera berrietara moldatzeko aurreikusi du udalak. “Ez dakigu hurrengo hilabeteetan zer beharrizan berri sortuko diren, eta horregatik larrialdi horiei erantzuteko prestatu dugu partida bat”.