Roberto Moreno ondarrutarrari protesi berria erosteko kanpainak 10.000 eurotik gora bildu ditu
80.000 euro behar dituzte ondarrutarrari kirola egitea ahalbidetuko liokeen protesi bionikoa erosteko. Ekarpenak GoFundMe plataforman egin daitezke.

Roberto Moreno Santamaria ondarrutarrak eskuineko hanka galdu zuen duela bi urte. Hezurretako minbiziaren ondorioz, hanka moztu behar izan zioten, eta orduz geroztik, protesi bati esker oinez egin dezake. Protesia, baina, arazoak ematen hasi da, eta berria erosteko diru bilketa kanpaina hasi du ondarrutarrak lagun batzuk animatuta. 80.000 euro behar dituzte Morenok amesten duen protesi berria erosteko, eta kanpainak Internet-en abian daraman tartean 10.000 eurotik gora batu dituzte.
Denbora gutxi darama sarean eskakizunak, eta, oraingoz, erantzun oso ona lortu du. Apirilaren 30ean zabaldu zuten kanpaina GoFundMe plataforman, eta zehatz esanda, 10.245 euro batu dituzte. 252 lagunek egin dituzte ekarpenak kanpainak martxan daraman bi asteotan. “Diru bilketa erantzun polita edukitzen ari da; apurka-apurka badoa aurrera proiektua. Herritarrak ez eze, kanpoko jende asko ere ari da parte hartzen, eta horiei guztiei eskerrak eman nahi nizkieke”.
Orain duen protesia arazoak ematen hasi da bi urteko erabileraren ostean, eta berria ipintzeko garaia dela dio. “Konponketak oso garestiak dira, eta berria ipintzeak gehiago merezi du. Protesi berriak zazpi urteko garantia edukiko lukeela esan didate, eta hor barruan konponketak ere sartuko lirateke”. Hanka moztu ziotenean oinarrizko protesia ipini zioten. Eta protesiak ibiltzen laguntzen badio ere, bestelako jarduerarik ezin duela egin azpimarratu du.
Makulu batzuen laguntzagaz oinez egiteko aukera ematen dio orain duen protesiak, baina beti ere mugekin. Are gehiago, “nahiko lukeen bizitza” ezin duela egin dio. “Mugatuta nago; ez dit bestelako kirolik egiten uzten. Hainbat kiroletan aritu izan naiz betidanik, eta egoera hau benetan gogorra eta frustragarria da niretzat”. Aitortu duenez, bizitza erraztuko eta mugikortasuna hobetuko liokeen beste protesi berri bat erosteko ez du nahikoa baliabide ekonomikorik, eta horregatik hasi dute diru bilketa.
Bere ametsa zailtasun barik oinez egin eta gaixotu aurretik egiten zuen modura kirola egiten jarraitzen da. “Amets hori betetzea ahalbidetuko lidakeen protesia Genium X3 protesi bionikoa izango litzateke. Nire helburua protesi hori lortzea da, baina oinarrizkoagoak diren beste bi protesiren aurrekontua ere eskatu dut ortopedian”. Beste bi protesiek 39.000 eta 12.000 euro balio dituzte, baina ez liokete “guztizko mugikortasuna” emango. Ahal duen diru kopurua lortzen saiatuko da. “Nire helburua protesi bionikoa lortzea da, baina hori erosteko beste diru lortzen ez baldin bada, hurrengo aukera erostea gustatuko litzaidake; asko erraztuko lidake oinez egitea”.