Iriagirreko hormako euri urak batzeko lanak egin dituzte Mutrikun
Horma egonkortzeko lanak amaitu ondoren espaloian ura pilatzen zela konturatu da udala. Brigadako langileek erreten bat zabaldu dute euri urak bideratzeko.
Egunotan Mutrikuko Iriagirre kaleko hormari azken ukituak ematen ibili dira udal brigadako langileak. Duela bi hilabete inguru amaitu zituzten horma egonkortzeko lanak, baina menditik datozen euri urak horman ipinitako sistematik espaloira isurtzen ziren zuzenean, eta arazo horri irtenbidea emateko lanean ibili dira. Izan ere, euria egiten zuzen bakoitzean espaloia putzuz betetzen zen. “Pilatuta geratutako ur horrek lika irtenarazten du lurzoruan, eta hori oso arriskutsua da; jendeak irrist ere egin dezake eta”.
Udal iturriek agertu dutenez, horma egonkortzeko lanez arduratu zen enpresak euri urak bideratzeko hoditeria horman integratuta laga zuen, baina gerora konturatu dira ura espaloira isurtzeak dakarren arazoarekin. Aurreko astean hasi ziren lanekin, eta gaur [maiatzak 21] amaitu dituzte. Tarte horretan, espaloiaren hegala paraleloan zulatzen ibili dira, eta euri urak batzeko erreten bat zabaldu dute hormaren kontra. Lan horri esker, euri urak batu, eta euri urak batzen dituen ubidearekin lotu da zuzenean. Lanak aprobetxatuta, gainera, erreten azpitik hodi bat ere sartu dute, etorkizunean argindarraren edo antzeko zerbitzurik sartu behar baldin bada ere.
Espaloi berean, metro batzuk aurreraxeago, goiko etxebizitzetara joateko eskailerak dauden parean, teilatutik datorren ura pilatzen dela ere esan dute brigadako langileek; datozen egunotan arazo horri irtenbidea emateko asmoa dutela agertu dute. “Hemen ere arazo bera gertatzen da; ura pilatzen da espaloian. Alboko zelai txiki horretan atxurrean egin, eta espaloi azpitik hodi baten laguntzarekin, ea urak bidean dagoen ubidera bideratzerik badugun”. Iragarri dutenez, ahal dutenean hasiko dira lanekin. “Bide batez, arranpa ere handituko dugu, irisgarritasuna hobetzeko”.