Maiatzaren 28an abiaraziko dute 'Ondarroako bonua' kanpaina berria
Kanpaina abiarazten den egunean erosi ahalko dira bonuak (Kutxabanken kutxazainetan edo Internetez), eta ekainaren 30era arte erabili ahalko dira kanpainara atxikitzen diren dendetan. Bonu bakoitzak 20 euroko prezioa edukiko du, eta horien eros ahalmena 30 eurokoa izango da.
COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko planaren barruan Ondarroako Udalak herriko denda eta zerbitzu enpresa txikiak suspertzeko eta herritarren eroste ahalmena sustatzeko asmoagaz Ondarroako Bonua kanpaina berria abiarazi du Zatozte merkatari elkarteagaz elkarlanean. Zehaztu dutenez, 2.000 bonu jarriko dituzte herritarren eskura maiatzaren 28tik aurrera, eta horiek ekainaren 30era bitartean erabili ahal izango dira.
Bonu bakoitzak 20 euroko prezioa edukiko du, eta horien eros ahalmena 30 eurokoa izango da. “Kanpainan izena ematen duten Ondarroako edozein denda edota zerbitzu enpresatan gastatu daitezke bonuak. Astelehen eguerdian zehaztuko da zein denda atxikitzen diren kanpainara. Horrez gain, dendaren sarreran ere bonuak bertan gastatu daitezkeela azalduko duen ikurra ere edukiko dute dendek”.
Kanpainagaz bat egin nahi duten dendek Zatozteren bulegoan izena ema behar dute, barikuan [maiatzak 22] edo astelehenean [maiatzak 25], 09:30etik 14:00etara bitartean
Non erosi? Bonuak Kantoipeko Kutxabanken orotariko kutxazain automatikoan, Kutxabanken webgunean edo Ondarroako Udalaren webgunen egongo dira eskuragarri kanpainak irauten duen artean. “Internetetik erosten dutenek bi aukera edukiko dituzte bonoa eskuratzeko: PDF formatuan paper baten inprimatzea edo QR kodea mugikorrean deskargatzea”. Kanpainaren arduradunek azpimarratu dutenez, herritarrek, gehienez ere, kreditu txartel bakoitzeko 2 bonu eskuratu ahal izango dituzte.
Udalerriko zerbitzu enpresa txiki guztiek eman dezakete izena kanpaian. Parte hartu nahi dutenek Zatozteren bulegoan izena eman behar dute, barikuan [maiatzak 22] edo astelehenean [maiatzak 25], 09:30etik 14:00etara bitartean. Antolatzaileek agertu dutenez, kanpaina aurrera joan ahala ere izena emateko aukera egongo da.
Interesa dutenek udalaren webgunean eskuragarri dagoen inprimakia deskargatu, inprimatu eta bete beharko dute. “Hori eginda, Zatozteren bulegoan aurkeztu beharko da. Ahalegindu dokumentazioa ondo beteta eramaten, aurrez aurreko kontaktua ahalik eta gutxiena izateko eta COVID-19 dela eta ezarritako segurtasun arauak betetzeko”. Kanpainan parte hartu nahi duten dendek, gainera, atxikipen konpromisoa eta IAE/EJZ alta agiria ere aurkeztu beharko dituzte izena ematerako orduan.