Euskal presoak hurreratzeko eskatu du Lakuak
Jonan Fernandez Giza eskubide, bizikidetza eta lankidetzarako idazkari orokorrak esan duenez, egungo egoeran "zentzuzkoena da" preso bakoitza bere erkidegora mugitzea. 330 preso inguru Basauri, Martutene eta Zaballara hurbiltzeko eskatu du.
Euskal Herrikoak diren presoak Basauri, Zaballa edo Martuteneko espetxeetara lekualdatzeko eskatu du Lakuak. Jonan Fernandezek gidatzen duen Giza eskubide, bizikidetza eta lankidetzarako departamentuak egin dio eskaria Espainiako Gobernuari. “Errealitate berri” bat bizi dugula dio Fernandezek, eta COVID-19 birusak sortutako egoeran zentzuzkoena litzatekeela preso bakoitza bere etxetik ahalik eta gertuen egotea. Osasun arrazoiak aipatu ditu Fernandezek, kutsatzeko arriskuak murrizteko. “Astero-astero 330 familia edo lagun dira estatu osoan bidaiatzen dutenak, preso duten gertukoa bisitatzeko”. Hala, presoak hurbilduz gero, erkidego desberdinetara mugitu behar izana ekidingo litzateke, birusa zabaltzeko eta kutsatzeko arriskuak murriztuz.
Eskaera egiteko bi gutun bidali dizkio Fernandezen departamentuak Esapiniari; apirilaren 27an lehenengoa eta maiatzaren 14an bigarrena
Era berean, sakabanaketaren zentzua ere zalantzan jarri du Fernandezek. Dioenez, espetxeetako ordenamendu juridikoak ez du jasotzen sakabanaketarako arrazoirik, kontrakoa baizik; “preso bakoitzabere familia edo jatorritik gertu egotea ahalbidetu beharko litzateke”. Fernandezek dio, gaur egun ETAkoak ez diren beste ehun preso inguru daudela etxetik urrun. “Den-denak hurbiltzeko eskatu dugu, salbuespenik barik”.
Bi gutun bidali dizkio Fernandezen departamentuak Esapiniari; apirilaren 27an lehenengoa eta maiatzaren 14an bigarrena. Joan den barikuan, [maiatzaren 22n] Eusko Jaurlaritzaren osasun publikoaren departamentuari agindutako txostena helarazi zioten Sanchezen gobernuari. “Presoen senideek hiru hilabete daramatzate bisita eskubiderik gabe”, gogoratu du Fernandezek, eta gaineratu du astean-astean eskubide hori betetzeko ehunka kilometro egun behar izaten dituztela espainiar estatuko espetxeetara.
Osasun krisian, pausoak eman. Sarek, bere aldetik, esan du COVID-19a dela-eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu duela, eta hainbat kasutan muturreko egoeretara eraman duela presoen eta euren senideen egoera; eskatutako pausoak ematea posible dela esan du.
Sare Herritarraren bozeramaile Inaxio Oiarzabalek esan du Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera utzi behar dutela behin betiko. “Argi dugu osasun krisi fase honetan posible dela aipatutako urrats hauek ematea, honek sortutako muturreko egoerak ekidinez. Hala eskatzen dugu guk, baina baita Europak, NBEak, mundu mailako hainbat pertsona esanguratsuk eta euskal jendarteak ere”, gaineratu du.
Beatriz Etxeberria eta bere alaba Iratik bizi duten egoera ekarri du gogora Sarek. Orain astebete salatu zuten moduan, bi urte dituen Irati amagandik banandua egon behar izan da konfinamendu osoan, amarekin espetxean egoteko eskubidea izan arren. Aita ere espetxean du, baina Iratik bi hilabete baino gehiago daramatza gurasoak ikusi gabe. Bestalde, Julen Atxurra Egurrola Pototo euskal presoak jasandako buruko isuriaren kasu larria ere errealitate gordin eta jasanezina salatu du, gose greban jarraitzen duen Patxi Ruizen egoeraaipatzeaz gain.
Kasu horiek muturrekoak izanik, sortutako ezinegonaren adibide direla dio Oiarzabalek. Baina egoeraren gogortze eta larritzeakĀ ekarri duela gaineratu du: “Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24”. Estatu espainiarrean kartzelan dauden presoen %80a etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 1. graduan daude. “Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den”, esan du.