Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetarako neurriak adostu dituzte
Nahiz eta Gipuzkoako hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasi, sorospen zerbitzua ekainaren 15etik aurrera bermatuta egongo dela adostu dute. Bizkaiko hondartzetako neurriak ere gaur adostu dituzte; besteak beste, Bizkaiko hondartzetan ezingo da baloi, pala eta antzekorik erabili.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, hondartzen denboraldia uztailaren 1ean hasiko da, adostutako zerbitzu guztiekin. Sorospen zerbitzua, berriz, ekainaren 15etik aurrera bermatuta egongo dela iragarri dute. Aldundiak azpimarratu duenez, Hondartzen Lurralde Mahaiak astelehenean [maiatzak 25] telematikoki egin zuen bileran udal guztiek eta aldundiak bat egin zuten hondartzak noiz eta ze baldintzatan ireki erabakitzeko orduan. “Bilera horretan erabaki da Ingurumeneko Departamentuak kanpaina bat abiaraziko duela herritarrei hondartzak modu arduratsuan erabiltzeko arau eta arretazko neurrien berri emateko udalekin batera”.
Hondartzak ongi erabiltzeko kontuan hartu beharreko neurri eta jarraibide batzuk batu dituzte. “Hondartzak modu arduratsuan erabiltzeko, jende pilaketak saihesteko, ekipamenduei eta zerbitzuei buruzko eta garbiketa eta desinfekzio neurrien berri herritarrei emateko neurriak dira”.
Ondoko neurriak nabarmendu dituzte:
- Hareatzetara joan aurretik, herritarrek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ez dutela ziurtatu behar dute, eta sintoma horiek izanez gero, ez dira hondartzara joan behar.
- Bainu eremu batera sartu aurretik, erabileraren, sarbidearen eta aforoaren berri eduki beharko da.
- Hondartzan egonaldi laburragoak egin beharko dira (gehienez 2-3 ordu), “pilaketak saihesteko eta beste herritar batzuek hondartzak erabil ditzaten”.
Bainatzeko eremuetan ere errespetatu egin beharko da sarbideen seinaleztapena. Era berean, ezarritako aforoa errespetatu egin beharko da, eskuak garbitu eta desinfektatu, ezingo dira toallak partekatu, salbamendu eta sorospen zerbitzuen arauak eta gomendioak errespetatu beharko dira, ezin izango dira ur iturriak erabili eta ez da gomendatzen haurren jolasguneak erabiltzea ere.
Bizkaiko hondartzetako neurriak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta hondartzak dituzten Bizkaiko 20 herrietako ordezkariek ere gaur [maiatzak 26] zehaztu dituzte Bizkaiko hondartzetan hartu beharreko neurriak. Oro har, Gipuzkoako hondartzetarako zehaztutako neurri berdinak errespetatu beharko dira. Dena dela, 11:00etatik 20:00etara kirol jarduerak ez direla baimenduta egongo erabaki dute; ezingo da baloi, pala eta antzekoekin jolastu.
Okupazio mailari dagokionez, hondartzainek eta sorosleek neurketa bat egingo dute, eta, haren arabera, hiru okupazio maila egongo dira: berdea (okupazio maila ona), anbar kolorea (nahikoa beteta) eta gorria (beteta).