310.500 euro bideratuko dituzte Lea-Artibaiko negozio txikiei laguntzeko
560 eurora arteko laguntza zuzenak bideratuko dizkiete Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa edo Ziortza-Bolibarren altan emanda dauden negozio txikiei laguntzeko.
COVID-19 gaitzaren osasun krisia dela, ohiko jarduera bertan behera utzi behar izan duten Lea-Artibaiko merkatari, ostalari, autonomo eta mikroenpresentzako diru laguntzak martxan jarri dituzte. Laguntzak Leartibai Garapen Agentziaren bidez bideratuko dira, eta onuradunak Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa edo Ziortza-Bolibarren altan emanda dauden negozioak izango dira. Agertu dutenez, 310.500 euro banatuko dituzte laguntzetan.
Azpimarratu dutenez, laguntzak jasotzeko ezinbestekoa izango da alarma-egoeragatik jarduera etenda eduki izana edo fakturazioan %75eko edo gehiagoko jaitsiera jasan izana. Horientzat guztientzat 560 eurora arteko laguntza zuzenak bideratuko dituzte. Agertu dutenez, laguntzak bateragarriak dira helburu beragatik emandako beste edozein laguntzagaz. “Hori bai, eskatzaile bakoitzak jasoko duen gehienezko zenbatekoa 560 euroko izango da”.
Zehaztu dutenez, laguntza bi zatitan banatuta egongo da. “Orain lehengo zatia da eskatu ahalko dena”. Lehengo zatian 300 euro arteko diru laguntza emango dute. “Martxoaren 15etik maiatzaren 10era negozioa zarratuta eduki behar izan dutenak, fakturazioan %75 edo gehiagoko jaitsiera jasan dutenak edo euren urtaroko izateagatik epealdi horretan alta ematekotan egon direnak, baina jardueran ezin izan dutenak eman alta, horiek izango dira onuradunak”. Diru laguntzaren gainontzeko kopurua eskatu ahal izateko aurrerago bigarren deialdi bat egingo dutela esan dute.
Laguntzen lehen deialdiari dagokionez, ekainaren 1etik 9ra bitartera gauzatuko da. Eskariak aurrez aurre zein telematikoki (leartibai@leartibai.com helbide elekotronikora idatzita) aurkez daitezke. Eskariak aurrez aurre aurkeztu nahi dituztenek Leartibai Garapen Agentziako bulegoetara (astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:00etara) jo beharko dute. Ziortza-Bolibarreko negozioek, berriz, udaletxean egin beharko dute eskaria. Eskariak aurkezterako garaian dokumentazio guztia dutela ziurtatzeko eskatu dute, dena joan-etorri bakarrean egin ahal izateko.
Laguntzei buruzko oinarri guztiak barikutik [maiatzak 28] aurrera egongo dira eskuragarri, Leartibai Garapen Agentziaren webgunean. Gaineratu dutenez, diru laguntzak eskatu ahal izateko eranskinak ere bertan aurkituko dituzte eskatzaileek. Informazio gehiago nahi izan gero Leartibai Garapen Agentziaren webgunea kontsultatu, leartibai@leartibai.com helbide elektronikora idatzi edo 94-616 90 88 telefono zenbakira deitu dezakete.