Eladino Gonzalez: "Gure ideia da taldearen bizkarrezurra mantentzea"
Oraindik ezer argi ez badago ere, denboraldi-aurrea irailean eta liga urri erdialdera hastea aurreikusten dute, beharbada, futbol zelaiak itxita; 3. mailari eustea du helburu taldeak mendeurrena ospatuko duen urtean.
Mendeurren urtean, 3. mailan.
Denboraldi hasieran hori zen helburua, barru-barruan geneukan helburua. Gaitza ikusten genuen, eta oso polita da mendeurrenean 3. mailan jokatzea. Liga amaiera gerta da gerta den moduan, eta gureak izan dira zenbakirik onenak. Elorrio izan da bigarrena puntu batera, eta Getxo hirugarrena, puntu bira.
Igoerak eztabaida sortu du?
Presidenteen batzarrean Getxo kexatu egin zen. Gure nagusiek holan lortu dute maila igoera, baina Aurrerako gazteak, adibidez, beti egon dira igoera postuetan, eta ez dira igo azkenengo bi partiduetan hirugarren postura jaitsi direlako. Azkenean, araudi kontua da. Elorriok oso ondo hartu zuen erabakia, eta ez da aparteko eztabaidarik egon.
Liga eten egin behar zen, ezta?
Hor daude legeak, eta egia da 3. mailan eta Lurraldeko mailan ezinezkoa zela liga amaitzea. Ez daukagu azpiegiturarik, eta osasuna dago denaren gainetik.
Eta igoera, ezin ospatu.
Gazi-gozoa da. Baina jakin behar dugu zer dagoen jokoan. Igoera bat da, poz-pozik gaude, eta ilusio handiagaz, baina bizitzak balio handiagoa dauka. Zaindu egin behar gara. Horrela etorri dira gauzak, eta datozen modura hartu behar dugu.
Egoerak ahalbidetzen duenean, ospatzeko asmorik bai?
Buruan badaukagu zer edo zer egitea. Ez, beharbada, aurrekoan modura, baina bazkideei eta jendeari eskaintzeko zerbait muntatu nahi dugu.
Liga eteteak zelako galera ekarriko dizue?
Handia. Gauza batzuk kobratuta genituen, baina datorren urtera begira moldatu egin behar gara, ze aurten, jokalariei ez zaie kuota zati bat pasa. Beste sarrera batzuk ere ez daude, eta orain, beharbada, ez da igartzen, ze Lurraldekoan gastuak ez badaude, sarrerei aurre egin geniezaieke. Baina datorren urtean talde batzuek txarto pasatu dezakete, eta, beharbada, desagertu. Orain momentuan Aurrera nahikoa ondo dago ekonomikoki. Guk badaukagu nondik tenk egin aurrera jarraitzeko. Lan gehiago egin beharko dugu, imajinazio gehiago ipini. Badakigu egoera orokorra ere txarra dela, eta sektore ezberdinek laguntzak beharko dituzte, eta baita kirol elkarteek ere. Azkenean, futbol minoritarioak ere erakundeen laguntza beharko du. Guk egingo dugu beharra, ilusioa eta gogoa jarriko ditugu, baina ekonomikoki laguntzak behar ditugu. Aurrekontua mugitzen dutenek diru sail bat kirolarentzat eta kulturarentzat utzi behar dute, esaten duten modura, Bizkaia eraikitzeko.
“Gure filosofia da ondarrutarrak izatea gehiengoa taldean, eta hutsuneak betetzeko behar ditugun jokalariak topatzea”
3. mailak exijentzia askoz handiagoa dauka. Errefortzuak beharko dituzue.
Maila oso desberdina da. Ez da bakarrik kategoria bat gehiago. Exijentzia eta maila asko altxaten dira. Askoz gehiago eskatzen du. 3. mailan, 23 urtez azpiko sei jokalari eduki behar ditugu 22 jokalariko taldean. Aurten ere, 22 izan ditugu taldean, horietatik bakarra izan da 23 urtez azpikoa. Bost aldaketa derrigorrezkoak izango dira, hortaz, arau hori betetzeko. Hori esanda, gure ideia da taldearen bizkarrezurra mantentzea, eta behar ditugun bost gazte horiek bilatzea; gure gazte mailako taldetik edo inguruko herrietako taldeetatik. Gure filosofia da ondarrutarrak izatea gehiengoa taldean, eta hutsuneak betetzeko behar ditugun jokalariak topatzea. Hasieratik, taldeari laguntzeko gai diren gazteak izan behar dira, 3. maila oso gogorra da eta. Gure helburua mailari eustea da, eta taldea egonkortzea, urte askoan 3. mailan egon ahal izateko. 90eko hamarkadan urte pila bat egon ginen 3. mailan, eta hori da gure helburua.
Asteon jakinarazi duzue talde teknikoak segi egingo duela.
Bai, talde teknikoak jarraipena edukiko du datorren denboraldian. Lan handia eginda igoera lortu dute, eta lantaldeak jarraitu behar duela adierazi diegu, eta oso pozik gaude baiezkoa eman dutelako.
Denboraldi-aurrea. Noiz, noizko eta zelan?
Komentatzen da dena ondo-ondo joanez gero, urri erdialdean hasiko litzatekeela liga. Dena ondo ondo joanez gero beti eta beti ere. Irailean hasiko litzateke denboraldi-aurrea, baina beti eta beti birusaren garapenaren arabera. Federakuntzak ideia hori darabil buruan. Talde bakar baten ordez, talde bi sortuko lirateke, 11 eta 11. Lehen fase bat jokatuko lukete denek denen kontra, itzuli bikoitzera, eta gero, talde txikiak egingo lituzkete; batzuek igoera jokatuko lukete, eta beste batzuek jaitsiera. Erdiko beste talde bat egotea ere aurreikusi dute; ez dakigu ondo erdiko hori zertarako den. Hori da ideia. Planteamendua oso oso ondo pentsatu behar da. Dena aldatzen da. Planteamendu horregaz, gauza ez da izango maiatzean zelan egongo zaren, baizik eta lehen fasea amaitzen denean zelan egongo zaren. Gure helburua izango da jaitsierako taldean ez egotea.
Bi hilabetetik gora konfinatuta egon eta gero, jokalariek min hartzeko arriskua asko handitzen da. Kezkatuta zaudete?
Ez dugu oraindik berbarik egin, baina nik uste dut planteamendua izan behar dela denboraldi-aurrea luzeagoa egitea. Kargak gehitzen joatea gutxika-gutxika, tonu muskularra berreskuratzeko gutxika-gutxika. Orain, badabiltza korrikan eta, baina ez da gauza bera. Erraz-erraz galtzen da tonua. Azkenean, beharra egin behar da, orain inoiz baino gehiago. Gauzak ez dira lortzen zorteagaz. Lana egin behar duzu, eta egiten baduzu, beharbada, ez zaizu aterako, baina ez baduzu egiten, %90 baino gehiagoko aukerak dituzu gaizki ateratzeko. Orain, behintzat, 3. mailan egoteko ilusio eta motibazioagaz ariko gara lanean, eta horrela, errazagoa egingo zaigu.
Liga hasierako partiduak zelan izango diren badakizue? Zaleekin, zale barik?
Ez daukate argi, baina baliteke zelaiak itxita hastea. Arriskua handia da, eta ez dakite nondik jo. Pandemiaren eboluzioa ikusi beharko da, zer zelan egin erabakitzeko. Guk gure esku dauden gauzak egingo ditugu, baina jakin barik zer gerta litekeen, eboluzioa ikusi ahala hartuko ditugu erabakiak. Pentsatu behar dugu ekonomikoki nola lortu baliabideak, eta beste guztiaren zain egon. Jendea motibatu, ilusionatu, eta esaten dutenaren zain egon. Liga zale barik hasiko balitz, bazkideei partiduak plataforma baten bidez eskaintzea ari gara aztertzen.
Datorren denboraldirako aldagelak egitea oso garrantzitsua da klubarentzat. Gai hori zelan dago orain momentuan?
COVID-19aren beste biktima bat izan daitezke aldagelak. Udalagaz berbetan gabiltza, baina dena doa geldika-geldika, jende bat behar dena lanak egiteko geldik dago… 3. mailan aldagela berriak behar ditugu, eta zelaiari aurpegia garbitzea, hesiak konpontzea… Guk eskaria egiten jarraituko dugu, eta jendeari ere eskatu nahiko genioke eskaera horren bultzatzaile izateko, horri bultzada bat emateko. Guk badakigu beste gauza batzuk aurretik daudela halako ezohiko egoera batean. Baina, behintzat, ez daitezela ahaztu aldagelekin. 3. maila, mendeurrena,… aldagelak izango lirateke guztia borobilduko luketena.
“Pentsaten dugu umeek ez dutela birusa harrapatuko, gazteek ondo pasatuko dutela, baina horiek denak transmisoreak dira. Oraingoz, suertez, ez dugu eduki nagusien artean kasu askorik Ondarroan”
Eztabaida handia sortu duen gaia: testak. Zuri, medikua izanik, zer iruditzen zaizu futbolari profesionalei osasun alorreko profesional batzuei baino arinago egitea?
Ondarroan, adibidez, profesionalei orain dela hiru aste egin zizkiguten, egoitzan arinago egin genituen, Gorabiden hilaren 14an… Nik beste alde batetik ikusten dut. Athleticek, adibidez, 128 milioi euroko aurrekontua dauka, jokalariek asko balio dute. Ez da etikoa, edo egokiagoa ikusten dut arinago beste batzuei egitea, baina, azkenean-azkenean, nik mezu bat nahiko neuke laga: testak esaten du bakarrik 72 ordu aurretik birusa daukazun, ez du gehiago ezer esaten, ez du balio etorkizunerako. Makillajea da. Eta antigorputzak antzematen dituzten testen kasuan, alderantziz da. Gutxienez astebete eduki behar duzu birusa gorputzak antigorputzak sortzeko. Zertarako balio dute? PCR posibiboa bada, berrogeialdian sartu eta hedapena gelditzeko. Baina zerk balio du benetan? Sintomek.
Orduan, zentzu handia dauka sintomarik ez duen jendeari testak egiteak?
Pertsonalki gutxi, ez dute informazio handirik ematen. PCR positibo den kasuan baliagarria da, baina beste emaitzek ezer gutxi esaten digute. Estulak, sukarrak, arnasestuak esaten didate gaixotasunari nola aurre egin. Baina testak futbolean egitea niretzako zentzubakoa da, baina dirua daukate, eros ditzakete, eta listo.
Jendea ondo ari da neurriak betetzen pandemiari aurre egiteko, ala erlaxatzen hasi da?
Gehiengoa nahikoa ondo ari da egiten. Gutxiengoa asko ikusten da, eta, ez dira hain gutxi. Ez gara kontziente ze arriskuan jartzen dugun dena, pentsaten dugu umeek ez dutela birusa harrapatuko, gazteek ondo pasatuko dutela, baina horiek denak transmisoreak dira. Oraingoz, suertez, ez dugu eduki nagusien artean kasu askorik Ondarroan, dena nahikoa ondo joan da, baina arrisku handia gaude sortzen.
Zer egin behar da pandemiagaz amaitu nahi bada?
Jendea multzotan ez batu, distantziak mantendu, kalera gutxi irten, gogorra da, baina kalera gutxi irten. Garrantzitsuena da bi metro arteko distantziak mantentzea, eskuak sarri-sarri garbitzea eta maskarak erabiltzea. Orden horretan. Zaindu egin behar gara, norbere burua zaintzeko, eta besteak zaintzeko, batez ere nagusiak eta gaixo daudenak. Hobeto egin behar dugu.
2021erako desio bat.
3. mailan segitzea eta mendeurren ekitaldiak ondo eta politak irtetea nahiko nuke. Ahal bada, aldagelekin eta futbol zelai txukunagaz, premiazkoa berrikuntzak eginda. Herrirako egingo ditugun gauza denek ondo-ondo irtetea desio dut.