Hauteskundeak pertsonen arteko "segurtasun tartea bermatuta" egingo direla esan dute
Uztailaren 12ko hauteskundeetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira. Ehun hauteslekuk beste kokaleku bat izango dute, distantziak bermatzeko. Horregatik, etxera bidaliko duten errolda txartela ondo begiratzeko eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Segurtasuneko sailburuek gaur goizean egin dute uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako osasun jarraibideak azaltzeko agerraldia. Jarraibide horien helburu nagusia herritarrek botoa emateko eskubidea berme osoz gauzatu ahal izatea dela esan du Nekane Murga Osasun sailburuak, “betiere osasun publikoa babestuz”.
Uztailaren 12ko hauteskundeetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira, 761 guztira; 27 gehiago Bizkaian, 6 berri Araban eta 8 Gipuzkoan. Horietatik 100ek beste kokaleku bat izango dute. Hori horrela, gogorarazi dute herritarrek arretaz irakurri beharko dutela EINek etxera bidaliko duen errolda txartela, bertan jartzen duelako hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman behar duen botoa. Guztira, 2.678 hauteskunde mahai egongo dira, eta osasun sailak proposatutako osasun neurriak hartu beharko dira guztietan.
“Hauteskunde mahaien arteko eta hauteskunde mahai bakoitzeko langileen arteko distantziak bermatzeko, udalek eta Estatistikako Institutu Nazionalak une eta leku batzuetan jendea pilatzea eragozteko alternatibak aurkitzeko ahalegina egin dute”, azaldu du Estefania Beltran de Heredia segurtasuneko sailburuak.
Gobernu Kontseiluak bihar onartuko du uztailaren 12ko hauteskundeetako mahaikideentzako Jarraibideen Eskuliburua. Eskuliburuak jada badu Hauteskunde Batzorde Zentralaren eta Euskadiko Hauteskunde Batzordearen oniritzia, eta oraingoan hauteslekuetako osasun-gomendioak jasotzen dituen eranskin bat ere izango du.
Udalek ekainaren 13tik 17ra bitartean zozketa egiten dutenean, eskuliburua hauteskunde mahaietako lehendakariei, kideei eta ordezkoei banatuko zaie izendapenaren jakinarazpenarekin batera. Eranskinean jasoko diren eta egun horretan bete beharko diren neurriak Osasun Sailaren ebazpenean ezarritakoak dira.
Neurriak. Mahaiko kideen, hautesleen eta gainerako langileen babes pertsonala ziurtatzeko neurriak ezarri dituzte, baina neurri horiek egoeraren arabera egokitzen joan ahalko direla zehaztu du Beltran de Herediak.
Hautesleak maskarekin joan beharko dira hauteskunde mahaietara, eta NANa erakutsi beharko diete mahaikideei. Horiek hala deritzenean, gainera, maskara kendu beharko dute, indentifikazioa bermatzeko. Hauteslekuetan segurtasun tartea uztea bermatu beharko da, baita maskara kirurgikoa erabiltzea eta eskuak sarri garbitzea ere.
“Hauteskunde mahaia osatzen duten pertsonen arteko segurtasun tartea bermatuko da, bai eta botoa ematera joaten diren pertsonen artekoa ere, lurrean jarritako marken bidez; marka horiek norberaren txanda iritsi arte itxaroteko lekua seinaleztatuko dute. Berdin jokatuko da altzarien kasuan ere: boto-kutxa, kabinak…”, azaldu du Nekane Murga osasun sailburuak. Hauteslekurako sarbideetan ere ordena mantenduko dela adierazi du, eta horretarako, sarrera-irteerak antolatuko dituztela esan du, “jende pilaketak eragozteko”. Ilarak sortuz gero, hautesla zaurgarriak (6 urtetik gorakoak edota haurdun dauden emakumeak) lehenetsiko dira, hauteskunde-mahaietan ahalik eta denborarik gutxien igaroko dutela bermatzeko”.
Hala ere, instalazioak aurretiz desinfektatuta egongo direla zehaztu dute, eta bozketa egunean mahaiak, boto-kutxak eta kabinak tarteka garbituko dituztela esan dute, bai eta komunak, ateen heldulekuak, eskudelak eta sarri ukitzen diren bestelako gainazalak ere. Hauteslekurako sarreran nahiz mahaietan gel hidroalkoholikoa egongo da, bai eta zakarrontziak ere.
Posta bidezko botoa. Segurtasuneko sailburuak aipatu du posta bidezko botoa eskatzeko epea hasi zenetik aurreko hauteskundeetan baino eskaera gehiago egin direla, segur aski osasun-egoeraren ondorioz, bai eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak udan egingo direlako ere. Maiatzaren 19an hasi zen posta bidezko bota eskatzeko epea, etaaurreko hauteskundekin alderatuta, boto bakoitzeko zortzi gehiago eskatu direla zehaztu du.
Posta bidezko botoa emateko izapideak hasteko epea uztailaren 2an amaituko da. hauteskundeak.eus web-orriaren bidez zuzenean eskatu ahalko da EINren formularioa, eta norberaren datuekin bete eta sinatu ondoren, eskaera dagokion posta-bulegora eraman behar da.
Hauteskunde Batzorde Zentralak Correos gaitu du boto-eskaerak telematikoki eta sinadura elektronikoarekin egin ahal izateko. Hala, posta bidezko botoa eskatzen dutenek, postariak hauteskunde-dokumentazioa etxean ematen dienean, aukera izango dute postariari botoa emateko, posta-bulegora joan beharrean.