Ibaiondoko aparkalekuetan izena emateko epea zabaldu du Ondarroako Udalak
Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu daitezke, ekainaren 30era bitartean. Aurreko deialdiko baldintza berean lortu daitezke aparkalekuak.
Txomin Agirre ikastolaren sotoan dauden aparkalekuetan izena emateko bigarren deialdia zabaldu du Ondarroako Udalak. Aparkalekuak emakida modura eskatzeko epea gaur [ekainak 1] hasi eta ekainaren 30ean amaituko dela iragarri dute. Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean (Kantoipe kalea, 1) aurkeztu ahal izango dira astegunetan 09:00etatik 14:00etara bitartean. “Epez kanpo aurkezten diren eskabideak ez dira onartuak izango”.
Azpimarratu dutenez, eskabidea eredu ofiziala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da, eta pertsona bakoitzeko eskaera bat aurkeztu ahal izango da. Eskabide paper ofizialagaz batera hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: NANa eta mugikortasun murriztua daukatenentzako gordetako partzelaren bat eskatzekotan Ezinduentzako Txartela. Euren zergak Ondarroan ordaintzen dituzten enpresen ibilgailuen kasuan, eta ibilgailua darabilena titularra ez den kasuetan, enpresako gerente edo administratzailearen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, “ibilgailua norberak bakarrik erabiltzen duela ziurtatzeko”. Kasu horietan ibilgailuaren zirkulazio baimena ere aurkeztu beharko da.
Herritarren eskura ipini dituzten aparkalekuak eta trastelekuak emakidan emango dituzte, 30 urterako, eta aurreko deialdiko baldintza berean; gogorarazi dutenez, soilik ibilgailu partikularrak sartu ahal izango dira aparkalekuetan. Ibaiondo kaleko 4ko sotoko bi solairutan banatuta dauden 137 aparkalekuetatik 113 geratzen dira libre, horietatik hiru trastelekuagaz. “Mugikortasun murriztua daukatenentzako lau partzela daude oraindik erabilgarri”
Prezioei dagokienez, trasteleku gabeko aparkalekuak 14.600 eurotan (15.622 euro guztira) eskuratu ahal izango dira, partzelaren kokalekua edozein delarik ere. Trastelekua ere baduten aparkalekuen prezioa, berriz, 20.500 eurokoa izango da. Trastelekua daukaten partzelen prezioa, berriz, 20.500 eurokoa (21.935 euro guztia) izango da, kokalekua edozein delarik ere. Aurkezten diren eskabide guztiak Aukeraketa Mahaiak onartu edo baztertuko ditu. “Onartutakoen artean zozketa publikoa egingo da bakoitzari dagokion partzela emateko. Lekua eta data aurrerago zehaztuko dira”.
Ikusi HEMEN baldintza ekonomiko eta administratibo guztiak.