Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko gutun bidalketa hasi dute Mutrikun
Gutunak norberak bidali ahalko ditu; edo nahi izanez gero, Gaztetxeko postontzian utzi ahal izango dira.
Maiatzaren 11z geroztik gose greban jarraitzen duen Patxi Ruiz Romero euskal preso politikoari elkartasun gutunak bidaltzeko kanpaina hasi dute Mutrikun. Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, herritarrei eta nahi duten guztiei gutunak idazteko proposatu nahi diete, protestan ari den presoari “elkartasuna eta gertutasuna” helarazteko. “Gazte Asanbladatik egoera hau irmoki salatzen dugu, eta gure babes zein elkartasuna adierazi nahi diogu. Hori dela eta, herritar oro animatzen dugu Patxiri gutun bat idaztera”.
Gutuna bidaltzeko bi modu egongo dira. Alde batetik, norberak zuzenean bidali ahal izango du Murtzia II espetxera (C.P. Murcia paraje de charcos 30191; Campos del Rio, Murcia), edo bestetik, gutuna Gaztetxeko postontzian uzteko aukera ere egongo da; gazte asanbladako kideak arduratuko dira berau bidaltzeaz.
Asteburuan, gainera, beste hainbat ekintza egin dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun preso nafarrari elkartasuna adierazteko. Zapatu [maiatzak 30] goizean, esaterako, Lea-Artibai eskualdeko herri nagusiak gurutzatu zituen auto karabana egin zuten, eta adierazi dutenez, hamabost bat autok parte hartu zuten protestan. Mobilizazioa Lekeition hasi zuten, eta herrigunea zeharkatu ondoren, Markina-Xemeinera abiatu ziren. Han herrigunea gurutzatu ondoren, Ondarroara abiatu ziren. Iragarrita zegoen modura, eguerdian elkarretaratzeak egin zituzten beste hainbat herritan. Mutrikun, biribilgunearen aurrean batu ziren; Ondarroan, Alamedan eta Lekeition Abadeen Moilan batu ziren protesta egiteko.