Mutrikuko herriguneko zuhaitzak ezagutzeko ibilbide birtuala sortu du Geoparkeak
Hiru bat kilometroko luzera duen ibilbidean hamar zuhaitz espezie ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Familia, lagun artean edo bakarka egiteko daude diseinatuta.

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru hirigune historikoetako (Mutriku, Deba eta Zumaia) zuhaitzak norberak bere kabuz ezagutu ahal izateko ibilbide birtualak diseinatu ditu Geoparkeak. “Zuhaitzak kale arteko arnasguneak dira, eta beste izaki bizidun askorentzat aterpe. Herri barruan, lorategi publiko zein pribatuetan egunero ikusten ditugun zuhaitz asko daude, batzuk munduko beste hainbat tokitatik ekarritakoak eta beste batzuk, aldiz, tamaina edo itxura ikusgarria dutenak. Istorio eta kondairekin lotutakorik ere badago. Ezagutu itzazu guztiak!”.
Hiru herrietako ibilbideak mapa formatuan eskuragarri daude Geoparkearen webgunean, eta azpimarratu dutenez, ibilbideek herri barruko biodibertsitatea ezagutzea dute helburu. “Ibilbide bakoitzak hiru bat kilometroko luzera du, euskaraz daude eta familian, lagun artean edo bakarka egiteko daude diseinatuta”.
Herri bakoitzean proposatzen den paseo bakoitza Turismo Bulegoaren parean hasten da. “Guztira 23 espezietako 28 zuhaitz identifikatzeko aukera edukiko duzu, hamar herri bakoitzean: besteak beste, lizarra, magnolia, artelatza, hagina, makal beltza edota sekuoia luzea”. Bisita egin nahi dutenek mapa jarraitu beharko dute. “Bertan dauden markatuta zuhaitz bereziak non dauden kokatuta”. Gaineratu dutenez, ibilbidean zehar ikus daitekeen zuhaitz bakoitzak bere informazio fitxa dauka, testua, irudia eta audio batez osatua dago. “Ibilbideak egiteko mapak deskargatu daitezke, edota Google Maps aplikazioan ireki”.
[Ikusi HEMEN Mutrikuko mapa]