Mutrikuko Udalak Malen Jaiak bertan behera uztea erabaki du
Erabakia eragile desberdinekin batu eta gero hartu dutela jakinarazi dute. Azpimarratu dute jaiak ospatzeko aukera ezberdinak aztertu dituztela, baina aurten Malen Jaiak antolatzea "oso arriskutsua" izan daitekeela adostu dute.

COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera aintzat hartuta, eta EUDELek ezarritako jarraibideak betez, Mutrikuko Udalak uztailaren 21etik 25era ospatzekoak ziren Malen Jaiak bertan behera uztea erabaki du. Herriko eragile ezberdinekin bildu ondoren hartu dute erabakia. Eta horren berri eman du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak gaur [ekainak 2] egindako agerraldian. “Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) maiatzaren 15ean argitaratutako udako jarduera eta ekitaldietarako oinarrizko gomendioak aztertu ondoren, gomendio horiek herriko jaietan betetzea ez dela bideragarria ikusi du udalak”.
Leku itxi nahiz irekietan 250 pertsona eserita baino gehiago batzen ez dituzten ekitaldiak egitea gomendatu zituen Eudelek. Horrez gain, pertsonen arteko segurtasun tartea 2 metrokoa izatea eta eremu publikoaren gehienezko eremua 1.000 metro koadrotik ez pasatzea gomendatu zuen. “Ohiko jai formatuan gomendio horiek bete eta segurtasuna bermatzea ezinezkoa dela ikusten du udalak”. Horretarako, ondoko arrazoiak eman dituzte udal ordezkariek:
- Ekitaldien edukiera bermatu arren, hori ospatzen ari den eremutik kanpo geratzen diren lekuetan eman ahal diren pertsona pilaketak ezingo dira saihestu.
- Ekitaldien edukiera mugatuz gero, ekitaldi horiek eta jaiak oro har herritar gutxi batzuentzat izango lirateke, eta ez mutrikuar guztientzat.
- Jai egutegi bat plazaratuz gero, nahiz eta hori ekitaldi mugatuekin egin, herritar guztiak jai giroan aterako lirateke kalera, eta, ondorioz, segurtasuna ezin izango litzateke bermatu.
- “Euskal Herriko herri ezberdinek euren jaiak bertan behera uztea erabaki dute. Mutrikuko Udalak pandemiari aurre egiteko modua zentzuz jokatzea eta hori kolektibo bezala gauzatu behar dela uste du.
Arrazoi horiek eman badituzte ere, azpimarratu dute jaiak ospatzeko aukera ezberdinak aztertu dituztela. Azterketa azterketa, baina, udalak uste du aurten Malen Jaiak antolatzea “oso arriskutsua” izan daitekeela. Dena dela, jaiek herritarrentzako duten garrantziaz jabetuta, zerbait sinbolikoa egiteko lanean ari direla gaineratu dute. “Ekimen edo ekitaldi sinboliko horiek, baina, ez dute jaia egitera bultzatzeko helburua izango; egun bereziak direla gogorarazteko izango dira”.
Erabakia behin betikoa bada ere, datozen asteetan pandemiak eduki ahal duen bilakaera “garrantzitsua” izango dela diote. “Bilakaera horrek erakutsiko du urte amaierara arte kultur ekitaldi txikiak antolatzea posible izango den edo ez”.