Ondarroako Kamiñazpiko jaiek ospakizun gogoa zabaldu dute auzoan
Ekintza solte batzuk egin izan ahal badira ere, Kamiñazpiko Jai Batzordeak jaiei buruzko balorazio positiboa egin du. Patxi, Iñigo, Ainhoa eta Aitziberrek prestatu dute paellarik originalena.
COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, herriko jairik goiztiarrenak beste modu batean ospatu behar izan dituzte ondarrutarrek. Hain zuzen ere, egoerara egokituta ospatu behar izan dituzte asteburuan Kamiñazpi auzoko jaiak. Festak beste era batera ospatu behar izan badituzte ere, “politak” izan direla eta ekimenek erantzun ona eduki dutela nabarmendu dute Kamiñazpiko Jai Batzordeko kideek. Ohi modura, balorazio positiboa egin dute. “Giro ona ikusi ahal izan da han eta hemen”.
Ekintza solte batzuk egin dituzte jai usainari eta euren izateari eutsi nahirik. Barikuan [ekainak 5], esaterako, auzotarrei balkoietan banderak eskegitzeko deia egin zieten, eta askok erantzun zutela esan dute. Balkoiak banderekin, kamisetekin, puxikekin… jantzita ikusi ahal izan zirela agertu dute. Bigarren jai egunari bolandera jaurtiketagaz eman zioten hasiera; parketik hamar bat bolandera eta amaierako traka bota zituzten.
Ondoren, auzoa esnatu eta musika doinu alaiez girotzen ibili ziren txistulariak, eta eurekin batera Polka pertsonaia ere ibili zen kalez kale jaietako bandoa irakurtzen.”Kalejiran, sasoi batean Kamiñazpiko jaiak egiten ziren tokitik ere igaro ginen. Azken urteotan sekula ez gara hortik joan txistua jotzen, albotik pasatzen ginen, baina ez bertatik. Kamiñazpi sarrerako goiko bidetik ere ibili ginen; egia esan, aurten ibilbide luzeagoa egin dugu”. Txistulariek esan dutenez, jendeak asko eskertu zuen eurek egindako ahalegina. “Txalo asko jo zizkiguten balkoi eta leihoetatik. Eskerrak ematera etorri zirenak ere asko izan ziren”.
Beste ekintzarik egin ezinda, aurten bi lehiaketa antolatu ditu jai batzordeak. Alde batetik, paella lehiaketa birtuala antolatu zuten. Auzotarren ekimenik kuttunena etxetik ospatu behar izan zuten. Ohitura hori ez galtzearren, lehiaketan parte hartu zutenek etxean egindako paellaren argazkiak partekatzeko aukera eduki zuten. Zortzi taldek parte hartu zuten lehiaketan, eta originalena Patxi, Iñigo, Ainhoa eta Aitziberrena izan zen. Tokiko produktuekin osatutako saski bat irabazi dute.
Umeak ere gogoan hartuta, marrazki lehiaketa antolatu zuten estreinako. Gai nagusia Kamiñazpiko Jaiak izan dela kontuan hartuta, parte hartzaileek marrazten duten trebetasuna erakutsi behar izan zuten. Aetz Ibarlozaren lanak irabazi du lehiaketa, eta herriko gozoki denda batean erabiltzeko 50 euroko bonua irabazi du. Gaineratu dutenez, lehiaketan parte hartu duten guztiek jaso dute oparia. “Bost lagunek parte hartu zuten. Hasiera batean lehenengoari gindoazen saria ematera, baina besteei ere gozokiak banatzea erabaki genuen”.