Eñaut Barruetabeña: "Beltzarekin eroso sentitzen naiz"
Diseinatzaile mutrikuarrak duela bi urte merkaturatu zuen Eñaut gizonezkoen arropa marka. Bi sari garrantzitsu eskuratu baditu ere, moda munduan tokia egin nahian jarraitzen du.

Eñaut Barruetabeña Anparanek (Mutriku, 1993) arkitektura ikasketak utzi eta modari ekin zion duela urte batzuk. Bartzelonan (Herrialde Katalanak) du lantokia, eta hantxe prestatzen ditu bere bildumetako diseinuak ere. Eskala txikian egiten du lana, eta xehetasun txikienei ere erreparatzen dien disenatzailea da.
Nola ailegatu zinen diseinu mundura?
Egia esan, diseinu mundua beti gustatu izan zait. Nire intuizioa txikitatik arkitekturara bideratzea izan zen. Arkitektura ikasketak hasi nituen Bartzelonan, eta dena gainditzen banengoen ere, ez nengoen gustura; fakultatea utzi eta diseinu ikasketekin hastea erabaki nuen.
Tesiaren aurkezpenean Inditex moduko talde erraldoi batekin topo egin zenuen, ezta?
Tesia aurkezteko orduan mahai batzuk muntatu behar izaten dira; espazio horretan, bilduma aurkeztu behar duzu. Bilduma aurkeztu baino lehenago, nire mahaia oso deigarria egin zitzaiela esan zidaten, eta bildumari buruzko ezaugarriak emateko eskatu zidaten. Aurkezpena egin, eta ostean, hurrengo astean lan elkarrizketa bat ea egin ahal nuen galdetu zidaten. Bershka-rako eskaintza egin zidaten, eta hantxe hasi nintzen lanean.
Bershkarako diseinatu zenuen kamisetetako batek, gainera, arrakasta handia izan zuen.
Oinarrizko kamiseta bat zen, baina oso azkar amaitu zen; berriro atera behar izan zuten. Hasieran gutxika ikusten ziren kamisetak kalean, baina gero, egunero hasi nintzen kalean ikusten. Harrigarria da, egia esan, hainbeste jende norbere diseinu batekin soinean ikustea.
Etapa hori amaitu, eta Eñaut marka kaleratzeko apustua egin zenuen.
Sei hilabete pasa eta gero, martxoan Bershka utzi nuen, baina irailera arte ez nintzen hasi nire marka propioarekin. Tarte horretan markari buruzko hausnarketa prozesu antzeko bat egin nuen. Prozesu luzea izan zen: materialen hornitzaileak aurkitu, marka zelakoa izango zen, markaren printzipioak zeintzuk izango ziren… hori eta gehiago prestatu nuen. Denda propiorik ez badut ere, inaugurazio antzerako festa txiki bat egin nuen, merkaturatze moduan. Salmentak Internetetik egiten dira, baina jendeak arropa zelakoa den ikusteko eta kontaktu hori edukitzeko aukera izatea nahi nuen.
Gaur egun gero eta marka gehiago daude merkatuan. Zaila izango da leku bat egitea.
Duela bi urte merkaturatu nuen nire marka, eta oraindik lekua egiten ari gara. Konstantzia bat mantendu behar da. Batzuetan oso momentu gogorrak egoten dira, eta ezin duzu amore eman.
Lortu dituzun sariak, baina, ezagutzera ematerako orduan giltzarri izango ziren, ezta?
Horretan zorte handia izan dut. 2018ko irailean kaleratu nuen Reevolution 2.0 lehen bilduma, eta handik astebetera, sari bat eman zidaten. Garatze bidean ari den diseinatzaile onenaren 080 Sari Nazionala eman zidaten Bartzelonan. Sari horrek asko lagundu zidan, egia esan. Otsailerako ez zidan bilduma berria aurkezteko nahikoa astirik eman, baina 2019ko ekainean nire lehenengo desfilea aurkeztu nuen Bartzelonako Moda Astean; Newfoundland izeneko bilduma aurkeztu nuen. Eta hor ere, zorionez, bilduma onenaren saria irabazi nuen.
Zu moduko diseinatzaile hasi berri batentzako zelakoa izan zen lehen bildumarekin saria lortzea?
Izugarria izan zen; ez sinistekoa. Gauzak ondo egiten eta bide onetik gindoazela ziurtatzeko modu bat izan zen saria. Neure buruari lan finko bat lagata alferrikako urrats bat ez nuela eman eta moda munduan aukera bat ahal nuela eduki baieztatzeko bultzada izan zen.
Zelako bildumak egiten ditu Eñaut markak?
Hasi nintzenetik hona, aldatzen joan naiz; garapen bat ikusi da nire diseinuetan; jendeari gustatzen zaionaren arabera garatzen joan naizela esan daiteke. Batez ere, gizon gazteentzako arropa diseinatzen dut, moderno puntu bat dute nire diseinuek, baina street style delakoaren barruan arropa erosoak eta praktikoak dira.
Material aldetik organikoaren aldeko apustu egiten duzu.
Materialak asko zaintzea gustatzen zait. Horrez gain, bertan sortutakoaren aldeko apustua ere egin nuen; gure bildumak Bartzelonan egindako jantziak dira. Ingurumenari keinu egin, eta gure arroparekin kontzientzia hori sortu nahian gabiltza.
Zer material ezin da falta zure bildumetan?
Kotoi organikoa beti erabiltzen dut; lantzeko erraza da. Azken bi bildumetan, zetazko organdia naturala ere erabili dut, bildumari gardentasun puntua emateko. Hori bai, neguko bilduman birziklatutako poliesterrez betetako geruza bigungarriak jarri dizkiot azpitik; oihalari beste bolumen bat ematen dio.
Zure diseinuetan bada bereizgarri bat: beltza da nagusi.
Nire ukitu pertsonala da; nire diseinuen %80a beltza izaten da. Beti beltzez janzteko zalea izan naiz, beltzarekin oso eroso sentitzen naiz, eta nik uste jendeari ondo ematen dion kolore bat dela; niretzako kolore segurua da beltza. Batez ere, kolore beltz eta zuriarekin lan egiten dut, eta gero bilduma bakoitzean kolore bat sartzen dut, bakarra. Newfoundland bilduman, esaterako, granatea sartu nuen, eta Exodus azken bilduman grisa erabili dut, bildumari metaliko puntua eman nahi niolako, baina azkenean, urdina ere erabili dut.
Eta Exodus kalean dago iada?
Otsailean aurkeztu nuen, baina neguko bilduma denez, sortze prozesuan dago. Koronabirusaren gai honekin, egia esan, dena geldirik geratu da; ea iraila amaierarako edo urrirako dena prest edukitzeko gai garen. Orain momentuan, berez, bilduma berria amaitzen egon beharko nintzateke, hilabete honen amaieran Bartzelonako Moda Astean aurkezteko. Baina koronabirusa dela eta, aurten ez da ohiko desfilerik egingo. Irailera atzeratuko dute, baina ez da aurrez aurrekoa izango, Internetez egingo dute. Modeloek desfilatu egingo dute, baina jarraipena Internetetik egingo da.
Moda munduan jende ezaguna janztea ere ohikoa izaten da. Inor ezagunik jantzi duzu?
Oraindik ezagutzera ematen ari gara. Jende askok ekitaldietara joateko arropa eskatzen dit, baina jende ezagun asko ere ez du-
gu jantzi. Gomz abeslariak kaleratu zuen Follow Gomz lehen bideoklipean nire arropekin jantzita agertu zen; Newfoundland bildumaren desfilean erabilitako arropekin agertu zen bera Gomz. Alfred Garcia (OT) ere kontzertu baterako jantzi nuen.
Eta orain, zer asmo daukazu?
Atsedenaldi txiki bat hartzea erabaki dut. Mutrikura etorri naiz, eta ideiak planteatzeari ekingo diot gutxika-gutxika. Irailean ziur aski bilduma berria aurkeztuko dut.