Protesta jendetsua egin dute Ondarroan, Patxi Ruizen alde
Antolatzaileak gustura geratu dira jendeak eman duen erantzunagaz.

Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose greba bertan behera laga ostean, eskualde mailako manifestazioa egin zuten domekan [ekainak 14] Ondarroan, Lea-Artibai eta Mutrikun azken asteotan presoari babesa emateko egin diren dinamikei amaiera emateko. Mobilizazioa Zaldupe zubiaren parean hasi zen Patxi duintasun eredu, Amnistia osoa lelopean, eta Itsasaurren amaitu zen, segurtasun neurriak errespetatuta. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, inguruotako herrietako jende asko batu zen protestan; antolatzaileak gustura geratu dira jendeak emandako erantzunagaz.
Oro har, presoak kaleratzeko eskatu zuten Ondarroako kaleetan zehar batu zirenek. Eskariekin bat egin zutenek Euskal presoak etxera; Presoak kalera, amnistia osoa; Amnistiarik gabe, bakerik ez; Espetxeak apurtu eta antzerako leloak errepikatu zituzten kalerik kale.
Manifestazioa amaitzean bertso bat bota eta eguneko irakurketa egin zuten. COVID-19ak utzi duen testuinguruan, kartzelako bizi baldintzak ohikoak baino jasangaitzago bihurtu direla azpimarratu zuten bertan batu zirenen aurrean. “Bisitak kentzea, isolamendua areagotzea, osasun neurri eskasak… Eskubide eta osasun irizpide horien alde jardutearren Patxi Ruiz euskal preso politikoa Murtzia IIko espetxean jazarria eta mehatxatua izan zen zuzendari eta funtzionarioengandik”.
Ruizen osasun egoerari buruzko xehetasunak ere eman zituzten. Gose greban egon den hilabetean 16 kilo galdu dituela esan zuten, eta horrek guztiak, “konpoezinak” diren osasun kalteak eragin dizkiola. “Baina berak irmo jarraitu du bere borrokarekin preso guztien eskubideen defentsan. Patxiren erabakia ez da izan nahi edo ezinegon pertsonalek bultzatutako zerbait. Preso politiko guztien eskubideen alde eta espetxeetako tratu txarren aurka aritu da”.