Eguneko eta gaua pasatzeko udalekuak egin daitezke
Begiraleek prebentziorako ikastaro bat egin beharko dute, eta Internet bidez egiteko ikastaroa antolatu dute. Izena emateko epea zabaldu dute gaur, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da hori.
Udan haur eta gazteen aisialdiko jarduerei berriz ekitea arautzen duen agindua onartu du gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Jakinarazi duenez, eguneko udalekuak eta gaua pasatzekoak egin ahal izango dira, baina horietan neurriak hartzea “ezinbestekoa” dela deritzo.
Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, ohiko edukieraren %60 onartuko da aire zabalean, espazio itxietan eta jantokietan. Hala ere, aire zabaleko jardueretan gehienez 200 pertsona egon ahalko dira, eta espazio itxietan 80, begiraleak barne. Jarduerak egin bitartean, gainera, parte hartzaileak gehienez hamabost pertsonako taldeetan banatu beharko dira, eta hor ere begiraleak barne egon beharko dute. Kirol eta arte jarduerak kontakturik barik egingo dira gainera.
Jantokiak zabaltzeko aukera onartu du Jaurlaritzak, baina jantoki itxietan bi metroko distantzia mantendu beharko dela azpimarratu dute. Horretarako, txandak ezarri beharko dituzte, edota manparak jarri. Jantoki irekien kasuan, berruz, metro eta erdiko distantzia ezarriko da eta bakoitzak bere plateretik jan beharko du.
Gaua igarotzea posible den udalekuetan aurrez azaldutako neurriez gain, lo egiteko neurriak ere kontutan hartu beharko dituzte. Litera bakoitzeko pertsona bakarrak egingo du lo eta okupatutako oheen artean bi metroko tartea mantendu beharko da. Kanpin denda bakoitza ere, erabiltzaile batentzat izango da; hala ere, parte hartzaileak bizikideak badira, denda bere erabili ahalko dute. Denda batean gelaxkak badaude, guztiak erabiltzeko aukera egongo da, baina ostean garbitu egin beharko dira.
Begiraleak. Artolazabalek esan duenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako begiraleek prebentziorako ikastaro bat egin beharko dute: “Monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua eman beharko zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesari buruz”. Hala, online egiteko prestakuntza ikastaroa antolatu dute, eta izena emateko epea zabaldu dute gaur; Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da.
Mila izen emate onartuko dituzte, eta asmoa ikastaroa ekainaren 25ean arratsaldez egitea aurreikusi dute. Hala ere, esan dutenez astialdiko jardueretaz arduratzen diren erakunde eta elkarteek euren prestakuntza-ekimenak garatu ahal dituzte, “hala nahi izanez gero”.
“Hezkuntza lana”. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak erakundeek edo elkarteek aisiaren eta astialdiaren mugimenduaren bidez egiten duten lan garrantzitsuaren balioa nabarmendu du. Osasun krisiak nahitaezko konfinamentua ekarri duela eta horrek ume eta gazteen espazioetako eta aisialdirako une eta gune asko desagerrarazi dutela esan du. Hori horrela, Artolazabalek nabarmendu du aisiako eta astialdiko mugimenduaren bidez egiten ari diren inplikazioa eta hezkuntza-lana funtsezkoa izaten ari dela “ume eta gazte askoren garapenerako”.