Eskubide kolektiboen alde egingo duen eskola publikoa aldarrikatu du EHIGEk
Abenduaren 2an aurkeztu zuten 'Euskal Eskola Publikoaz Harro' kanpaina barriro martxan jartzeko erabakiaren berri eman dute gaur, eta alderdi politikoei eskatu diete adierazi dezatela ikasle denentzako hezkuntza-eskubide eta baldintza berdinak nola defendatuko dituzten.
“Zerbitzu publikoak eta bereziki eskola publikoa gobernuen jomugan daude. Azken urteotan, zerbitzu horien pribatizatze politika garbia eraman da aurrera eta hezkuntza ez da atzean geratu. Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte izan diren Hezkuntza Sailek eskola publikoari murrizketak ezarri eta irakaskuntza ekimen pribatu guztiei kontzertazioa eman diete”. Prentsaurrekoa eman du gaur EHIGEk, Bilbon. Bertan, Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpaina barriro martxan jartzeko erabakiaren berri eman dute. Euskal hezkuntza-sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu dute, herri bezala publikoaren, eskubide kolektiboen eta ume guztientzat aukera berdintasunaren alde eginez.
EHIGEk salatu du egungo Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza pribatuko patronalek askotan eskatu duten Hezkuntza Lege berri bat bultzatu nahi duela, hezkuntza publikoko komunitate osoaren oposizioarekin. “Lege horrek, zerbitzu publiko kontzeptuan oinarrituta, desberdinak diren bi hezkuntza-sare (bat publikoa eta bestea pribatua), berdin finantzatuko ditu, politika pribatizatzaileetan beste urrats bat emanez. Gure sistema dualari eta horrek sortzen duen segregazioari eutsiko dion lege bat, LOMCEren babespean etorriko dena”, azaldu du prentsaurrekoan. Hori dela eta, Euskal Eskola Publikoarekiko harrotasuna adierazi eta euskal hezkuntza-sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu dute, “herri bezala publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera-berdintasunaren alde eginez”.
“Kanpainaren manifestuan agertzen diren aldarrikapenak agenda politikoan sartu nahi ditugu”
Batuago. Abenduaren 2an aurkeztu zuten Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpaina, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoen artean atxikimenduak jasotzen hasi ziren. Koronabirusak harrapatu arte, 140 ikastetxeeren atxikimenduak bildu zituzten. “Gure asmoa, atxikimenduekin bideo bat editatzea eta maiatzean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailako manifestazio esanguratsu batekin amaitzea zen, baina COVID-19 pandemiak helburuak birplanteatzera behartu gintuen. Horregatik, osasun krisia hasi arte jasotako atxikimenduekin bideoaren edizioa mantendu dugu baina mobilizazioa bertan behera uztera behartuta egon gara”, azaldu dute.
Gaurko prentsaurrekoan aurkeztu dute bideoa, eta hasiera baino ez dela esan dute: “Kanpainaren manifestuan agertzen diren aldarrikapenak agenda politikoan sartu nahi ditugu. Gaur egungo osasun eta jendarte krisiak agerian utzi duen hezkuntza arrakala ikusita eta hezkuntzarako eskubide unibertsalaz hitz egiten dugun garaia honetan, planteamendu horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira”.
Helburuak lortzeko batu dira, eta Euskal Eskola Publikoaren alde jauzi handia eman dutela deritze: 140 atxikimendu horien atzean mobilizatu diren 140 ikastetxe daudelako, parte hartu duten irakasleak, pankartak egin dituzten ikasleak, bideoak grabatu dituzten langileak eta familiak. 140 sinadura baino askoz gehiago direla esan dute, “beren konpromisoa adierazi duten milaka pertsona daude atzean; 50.000 ikasle, 7.000 langile eta 40.000 familia inguru”.
Zerbitzu publikoak defendatzeko eta aldarrikatzeko batu dira, “besteak beste, Hezkuntza Sailak sare publikorantz erakusten duen utzikeriari aurre egiteko, eta Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sistema pribatizatzeko eta hezkuntza-eskubidea merkantilizatzeko egindako politikari erantzuteko”. Hauteskunde autonomikoen atarian, gainera, alderdi politikoei zuzendutako kezka agertu du EHIGEk: “Eskola Publikoarekiko duten jarrera eta EAEko ikasleen hezkuntza-eskubidea baldintza berdinetan nola defendatuko duten argi eta garbi adieraztea eskatzen diegu, are gehiago COVID-19ak arrakala hori handitu duenean, ikasleen arteko aldean sakonduz”.
EHIGEren ustez, COVID-19 birusak sortutako pandemiak agerian utzi du jendartearen arazoei aurre egiteko beharrezkoak direla zerbitzu publiko indartsuak, eta aurretik ezarrita zegoen hezkuntza arrakala ere nabarmen geratu dela gaineratu du. “Beraz, euskal hezkuntza-sistema osorako eskola publiko bakarra ezartzea ezinbestekoa da ikasle guztiek aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntza duina izateko duten eskubidea bermatzeko”, azpimarratu dute.
Familiek zein ikasleek erakutsitako pazientzia eskertu eta langileen profesionaltasuna azpimarratu dute.