Ondarroako Euskaraldia batzordeak ariguneak sortu nahi ditu kontserba enpresetan
Entitateak adierazi du harremanetan ari direla herriko kontserba enpresekin ez eze, finantza erakundeekin ere. Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte zabalik dago.
Egunotan Euskaraldiaren aurkezpena egiten ari dira Ondarroako herriko taldeei eta elkarteei.
Atzo [ekainak 16] egin zuten lehen bilera Kofradia Zaharrean, segurtasun arau guztiak errespetatuta; eta gaur [ekainak 17] bigarren hitzordua daukate gainontzeko talde eta elkarteekin, 19:00etan. Hain zuzen ere, martxoan egin beharreko aurkezpen ekitaldia ari dira gauzatzen, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, bertan behera geratu ondoren. “COVID-19aren osasun krisiak dena gelditu badu ere, batzordean lanean jarraitu dugu. Gure asmoa da hemendik aurrera kanpainari indarra ematea“.
Berritasun modura iragarri dutenez, Euskaraldia batzordea kontserba enpresekin batzeko ahalegina egiten ari da, bertan ere ariguneak sortzeko nahiagaz. Bide beretik, finantza erakundeekin ere harremanetan ari direla ere aipatu dute.
Ondarroako Euskaraldia batzordea pozik agertu da orain arte egitasmoak herrian izan duen erantzunagaz. Egunotako bileretan hainbat talde ari dira parte hartzen kirol, kultura, zientzia, hezkuntza, politika eta herrigintza arloetakoak, besteak beste, hauek: Txirrimorraski, Dantzarte, Karenka, Tramana ta Brix, EAJ, Kresala, AEK, Zubi Zahar Herri Ikastola, EH Bildu, Radixu Irratia, Marabilli, Berbalagun, Unanue Kamara Korala, Arraun Elkartea, Zientziaren Giltzak, Andrabanda eta Institutua. Batzuk atzoko ekitaldian izan ziren; eta beste batzuk gaur elkartuko dira. Horiek eta gehiagok agertu dute arigune modura izena emateko esperantza.
Atzoko ekitaldian, Euskaraldiaren gaineko azalpenak eman zituzten, eta, aldi berean, arigune moduan izena emateko argibideak. Horrela, Ondarroako prozesua aurkeztu zuten, eta Etxealditik Euskaraldira kanpaina zelan joan zen azaldu. Gogorarazi zutenez, bigarren Euskaraldia 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da, eta lelo hau izango du: Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.
Irailaren 27a arte. Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte zabalik dagoela agertu dute Euskaraldiaren antolaketan eta koordinazioan ari direnek. Euskaraldiak dei egin die Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei Euskaraldian euskaraz aritzeko guneak sortzeko aukera azter dezaten, eta, bide batez, horiek osatu, saretu eta babestu. Jakinarazi dutenez, hainbat erakundek ekimenarekin bat egin dute, sektore, tamaina eta izaera oso ezberdinetakoak. Antolatzaileek azpimarratu dute “euskaraz aritzeko guneen mapa zabala” osatzen ari direla.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak azaldu du Euskaraldian entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela, eta urrats horiek garrantzia kualitatibo handia dutela nabarmendu du. “Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zen lan munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako”.
Koronabirusaren krisiak sortutako egoeran, aldi berean, sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu dela ere esan du Amonarrizek. “Euskararen inguruko sare honek biak eskainiko ditu: gertutasuna eta babes soziala. Horregatik uste dugu Euskaraldiak berriro ere ekarpen handia egin diezaiekeela, bai euskal gizarteari, bai ekimenean parte hartuko duten pertsona eta entitateei. Era horretara, euskararen erabileraren aldeko sare handia eratuko da”.
Herrien izen-ematea ere martxan dagoela gogora ekarri dute. Ekainaren 27ra arte dago zabalik. Iragarri dutenez, irailean abiatuko dute ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia.