Zerbitzu publikoen alde Mobilizazio Egunak antolatu dituzte Mutrikun eta Ondarroan
Barikuan eskualdeko protestak egingo dituzte bi herrietan. Mutrikun, 18:00etan batuko dira Atxukalen. Ondarroan, berriz, 19:00etan batuko dira Zubi Barriko biribilgunean.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, zerbitzu publikoen alde eskualde mailako Mobilizazio Egunak antolatu dituzte barikurako [ekainak 19] Mutrikun eta Ondarroan, Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza! lelopean. Nabarmendu dutenez, koronabirusak egunerokotasuna goitik behera “zeharkatu” eta normalitatea “hautsi” badu ere, ez dute lehengo normalitatea bueltatu nahi. Euren iritziz ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa, eta konfinamenduaren gogorrena igaro ondoren, kalea berreskuratzeko deia egin dute. “Balkoitik kalera bizitzari txalo egitera” ateratzeko deia egin dute.
“Dagoeneko gauzak aldatu dira, eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu. Guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugu. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista, ekozida eta kolonialista batek eraman ditu gure bizitzak kolapsora”. Argitu dutenez, krisiak “aldaketa garaiak eta aukeren momentuak” omen dira. “Bizitzak sustengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen dugu. Ez gara gutxiagorekin konformatuko. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!”.
Eskualdeko protestei dagokienez, Debaldeko mobilizazioa Mutrikun egingo dutela azaldu dute; Atxukalen 18:00etan batzeko deia egin dute. Eguraldi ona badago hondartzara joateko asmoa dute; giza-kate mugikor bat egingo dute eskuetan aldarrikapenak hartuta eta musikaz lagunduta. Eguraldi txarra egonez gero, Atxukaletik Goiko Plazara joango dira, eta Beheko Plazan amaituko dute mobilizazioa. Ondarroan, berriz, Lea-Artibai mailako protesta egingo dute. 19:00etan elkartuko dira Zubi Barriko biribilgunearen parean, eta handik, Zubi Zaharrera joango dira. Ekimenagaz amaitzeko argazki mosaiko antzerako bat osatzeko asmoa dute. Azkenik, irakurketa egingo dute.
Mutrikun zein Ondarroan osasun segurtasun neurri guztiak beteko direla azpimarratu dute, eta segurtasun tartea errespetatzea eta maskara eramatea beharrezkoak direla gogorarazi dute . “Bakoitzak bere aldarrikapenak ekartzea eskatzen dugu: idatzita, marraztuta, mozorrotuta… beti ere elkarrenganako errespetuaz”.
Karta Soziala urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokorrean egindako aldarrikapen taula berritzeko prozesuan ari dela ere iragarri dute. Esan dutenez, lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko oinarrizko aldarrikapenekin batera, COVID-19aren pandemiak agerian utzi dituen beharrak aintzat hartzea ere aldarrikatuko dute barikuko mobilizazioetan. Barikuko mobilizazioari begira, honakoak izango dira nabarmendu nahi dituzten aldarrikapenak:
- Zerbitzu publikoak garatzea. Zaintza eta osasun baliabideen publiko bihurtzea, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz.
- Zaintza eredua aldatu; jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa ezartzea.
- Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a izatea eta etxebizitza eskubidea bermatzea.
- 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa pentsiodunentzat.
- 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia.
- Proposamen horiek guztiak finantzatzeko eta COVID-19aren ondorioz sortutako zor publikoari aurre egiteko, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontuan izatea.