Krisia "kapitalak" ordaintzea eskatu du Eskubide Sozialen Kartak Mutrikun eta Ondarroan
Antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenak bi herrietan izan duen parte hartzearekin; euren esanetan kolektibo ezberdinetako jende asko batu zen.
Barikuan [ekainak 19] Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta eskualdeko mobilizazioak egin zituzten Mutrikun eta Ondarroan. Urtarrilaren 30ean deitutako greba orokorraren ondoren, Eskubide Sozialen Kartak bideratu zuen lehen mobilizazio handia izan zen barikukoa, eta Mutrikun eta Ondarroan dozenaka herritar atera ziren kalera koronabirusak ekarri duen krisiaren ondoren zerga erreforma eskatuz, krisia “kapitalak” ordain dezan.
Mutrikun, esaterako, 70 bat lagun batu ziren Atxukalen eta moilarantz abiatu ziren. Hondartza inguruetan buelta eman ondoren, kantina ondoko zabaldegian irakurketarekin amaitu zuten mobilizazioa. Ondarroan, berriz, Zubi Barriko biribilgunean batu ziren. Antolatzaileek esan dutenez, kolektibo ezberdinetako jende asko batu zen Ondarroan. “100 lagun inguru zenbatu genituen. Pentsiodunak Eskubide Sozialen Kartako protagonistak dira, eta jende gaztea ere ordezkatuta egon zen”. Ordu laurden bat egon ziren biribilgunearen parean, musika jarrita eta bakoitza bere aldarrikapenarekin eskuetan, eta ondoren, segurtasun tartean mantenduz, Zubi Zaharrera abiatu ziren. Zubia alde batetik bestera aldarrikapenekin bete zuten, eta amaitzeko, irakurketa egin zuten.
Antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenak bi herrietan izan duen parte hartzearekin; balorazio positiboa egin dute. “Eskubide Sozialen Kartaren mugimendua ez dago hain errotua inguruotan, eta herritarren erantzuna oso ona izan zen”.
Herri bietan egindako irakurketan azpimarratu zutenez, krisiak eskubideen urraketa ekarriko du berekin. “Garbi ikusi dugu, eta zoritxarrez garbi nozituko dugu krisi honen hatzamarrak gure bizietan. Jada, ageri gara jasaten eskubide urraketa horiek. ABEEak, kaleratzeak, murrizketak, eskubide sozial eta politikoen baldintzatzeak, pobrezia, arrazakeria, zerbitzu publikoen murrizketak, faxismoaren gorakada…”. Baina, murrizketetatik haratago, krisiak aberastasuna “modu bidezkoan” banatzeko garaia izan beharko lukeela deritzote. “Herritarrak ez gaude prest sistema kapitalistak sortu duen krisiaren ondorio kaltegarriak gure bizkar hartzeko. Askoren lanaren izerditik gutxi batzuek aberasteko, aberastasuna modu bidezkoa banatzeko garaia da. Gehien duenak ordain dezala krisi hau”.