San Joan bezpera girotu dute Lea-Artibain eta Mutrikun
Herri batzuetan herrigunean ezer egin ez bazen ere, auzoetan bai egin ziren. Beste herri batzuetan, ostera, segurtasun neurriak beteta egin ziren ospakizunak.
San Joan bezpera egun berezia izaten da batean eta bestean. Aurten, baina, ohiko ekitaldiak kolokan egon dira, eta herri batzuetan bertan behera geratu baziren ere, beste batzuetan, nola edo hala, eta segurtasun neurriak beteta, San Joan bezpera ospatu egin zuten.
Ziortza-Bolibarren, esaterako, herriko jaiak izanik, segurtasun neurriak beteta ospatu zuten eguna. 21:45ean txupina bota eta txistularien kalejiragaz hasi zen ospakizun xumea. 22:00ak puntuan sua piztu zuten Beheko Zubiaren pareko zelaian, eta Sorgin Dantza egin zuten. 23:00etarako, baina, ospakizunak amaitu zituzten.
Ilunabarrari itxaroten egon ziren Etxebarrian udaburuko ospakizunari hasiera emateko. Hasteko ordua 21:30ean bazen ere, 21:45ak aldera eman zioten sua. Etx elkarteak antolatuta, lau dantza egin zituzten herritarrek suaren inguruan, eta txalaparta doinuekin ere girotu zuten ospakizuna. Ikusleak aulkietan jarrita jarraitu ahal izan zituzten dantzak, eta Basajaun, Mari eta Akerbeltzan bisita ere eduki zuten. Segurtasun arauak beteta egin zuten jaia, distantziak gordeta, bai ikusleen artean bai dantzarien artean ere. Horrela egingo dute hurrengo ekitaldietan ere.
Mutrikun ez zuten ohiko Akelarrerik egin ezta surik piztu Burumendin. San Juan bezperan, ohitura izaten da musikariak kalejiran ateratzea, eta beste baldintza batzuetan bada ere, Mutriku Musika Bandako kideak kalera atera ziren kaleak alaitzera. “Kalejirarik ezin izan zen egin, gu bakarrik joan ginen jotzen kalez kale, baina herritarrek balkoi eta leihoetatik txaloz eskertu zuten. Egia esan, inork ez zuen horrelakorik espero, eta ezustea izan zen denentzat”. Ibilbidea bandako lokaletik hasi zuten 21:00etan, eta Mikel Deuna Egoitzan egin zuten lehen geldialdia. Komentu ingurutik, Atxukaletik eta Goiko Plazatik igaro ondoren, Joseba Azpiazu bandako kidearen etxe azpian egin zuten azken geldialdia.
Aulestin eta Berriatuan ere sua egin zuten. Aulestin, baina, ez zuten ohiko kalejirarik egin. Berriatuan urtero legez egin zuten sua.
Argazkiak: Ziortza-Bolibarko Udala eta Etxebarriko Udala.





















