Atsedenaldia hartuko dute Ondarroako pentsiodunek
Irailaren 21ean bueltatuko dira Alamedara, baina "zerbait gogorra" egonez gero, arinago batzeko deia egin dute.
Ikasturteko azken elkarretaratzea egin dute gaur [ekainak 29] eguerdian Ondarroako pentsiodunek. Aldaketarik ezean, irailaren 21ean, 12:00etan egingo dute hurrengo elkarretaratzea Alamedan. 223 lagunek bat egin dute Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideek egindako deialdiagaz, eta iragarri modura ezusteko bat baino gehiago eduki ditu 20 minutuko mobilizazioak.
Herriko gazte mugimenduko hainbat kidek parte hartu dute protestan. Mikrofonoa hartu, eta pentsio eta bizi baldintzen aldeko borrokak gazteentzako zer nolako garrantzia duen azpimarratzen dute. “Gaur egun eskatzen duzuena, etorkizunean guk ez eskatu behar izateko ari zarete eskatzen, eta eskerrak ematea tokatzen zaigula uste dugu”. Astero-astero Alamedan batzen direnen borroka “eredugarria” dela gaineratu dute. “Zuen borroka hau nekaezin hau eredugarria da edozein tokitatik begiratuta ere. Miresmen handiagaz ikusten dugu eguraldiak, datak, adinak… suposatu lezakeen zailtasunak kontuan edukita, astelehenero-astelehenero hutsik egin barik batu eta daukazuen konpromisoaz eta irmotasunaz aurrera jarraitzea”.
Jarraian, Botx eta Arri herriko bertsolarien txanda ailegatu da. Bertsolariek pentsiodunen borrokari buruzko bertso bana bota dute, eta, azkenik, dantzariek txistulariak jotako agurra dantzatu dute Alamedan zabaldutako pankartaren aurrean. Amaitzeko, bilera informatiboa egin dute.
Azaldu dituzten gaien artean aurreko astean Gasteizen pentsiodunen mugimenduaren bilera egon zela aipatu dute. Erabaki gutxi hartu zirela esan dute, baina hartu ziren erabakien artean, protestei jarraipena ematea adostu zutela, “bidezkoa dena arte lortu arte”. Era berean, pentsiodunen eskaerak jasotzen dituen 85 orrialdeko dokumentu bat onartu zela ere aipatu dute. “Dokumentu hori Jaurlaritzara bidali zuten, Urkulluri zuzenduta”. Irailera arte geldialdia egingo dutela iragarri badute ere, murrizketak datozela ere argi dute pentsiodunek. “Zerbait gogorra datorrela igartzen baldin badugu, batzeko deia egiteko konpromisoa hartuta daukagu”.
Irailetik gaurdaino egin dituzten elkarretaratzeei buruzko balorazio ona egin dute Ondarroako mugimenduko arduradunek. “Koronabirusa dela eta, ostean egindako elkarretaratzeetan zer edo zer jende gutxiago batu dela nabaritu dugu, baina, hala ere, kopuru ederra mantendu da. Behin baino gehiagotan errepikatu badugu ere, kopuru aldetik jende asko batzen da Ondarroan; oso pozik eta oso harro gaude, Euskal Herritik emaitzarik hobeena duena da”.