Maddalen Iriarte (EH Bildu): "Faxismoaren aurrean ez du balio ekidistantea izatea"
Barikuan Sestaon izandako istiluen ondoren, Iñigo Urkullu EAJren hautagaiak tolerantziaz hitz egin izana kritikatu zuen EH Bilduren lehendakarigaiak Lekeition egindako mitinean.
EH Bilduk Lea-Artibai eskualde mailako lehen ekitaldi nagusia egin zuen zapatuan [ekainak 27] Lekeitioko Independentzia Plazan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako bigarren egunean bertan egon zen Maddalen Iriarte Okiñena lehendakarigaia, eta beragaz batera, Jasone Agirre Garitaonandia Bizkaiko zerrendaburua ere.
Maddalen Iriarte harriturik agertu zen zapatuan Lekeition dozenaka herritarren aurrean egindako mitinean. Barikuan [ekainak 26] Sestaon izandako istiluen ondoren, Iñigo Urkullu EAJren hautagaiak tolerantziaz hitz egin izanaz kritikatu zuen. Iriartek nabarmendu zuenez, Euskal Herrian “ez gaude faxismoaren gorakadatik salbu eta adi egon behar dugu, herri gisa gauza batzuk argi edukita: Gernika bonbardatu zutenen aurrean tolerantziak ez du balio, herritar eta herri gisa ditugun eskubide guztiak kendu zizkigutenen aurrean ez du balio ekidistantea izateak”. Hala, EH Bilduren lehendakarigaiak azpimarratu zuen “faxismoa eta ekidistantzia geratzeko botorik onena EH Bildu” dela, eta azaldu zuen “faxismoari eman dakiokeen erantzunik onena 0 legebiltzarkidetan uztea” dela.
Bide beretik, faxismoak herri modura ditugun eskubide guztiak arriskuan ipintzen dituela ohartarazi zuen EH Bilduren lehendakarigaiak, eta horren aurrean “EH Bildu indartsu batekin bakarrik lortu ahal izango ditugu herri gisa aurrera egiteko eta justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko behar ditugun tresna subiranoak”. Iriarteren iritziz, bide horretan ez Urkullu ez EAJ ez dira fidagarriak, amaitu berri den legealdian EH Bildu eta EAJ estatus politikoa berritzeko akordio historiko batera ailegatu ostean, berau baztertzea aurpegiratu zion. “Urkulluk berak zapuztu zuen akordioa, ez zitzaiolako gustatzen, ez zaiolako inoiz gustatu, ez duelako hitzik”.
Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak, berriz, zaharren egoitzetako “benetako drama” gogora ekarri zuen. Agirrek azaldu zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan 630 pertsona hil dira, heriotza guztien %40 baino gehiago, “bertako langileak prekarietate erabatekoak aritu behar izan duten bitartean”. Adierazi zuenez, gertaturikoak EAJren diskurtsoak ezkutatzen duen errealitatea azalarazi du. “COVID-19ak biluzik utzi du gure zaintza sistema, bereziki egoitzena. Gaur konfiantzaz eta erantzukizun hitz egiten dutenek merkantilizatu egin dituzte egoitzak, merkatuen esku utzi dituzte. Negozioak, osasunaren eta pertsonen gainetik”.
Agirrek salatu zuenez, ez dute ezer ikasi. “Negozioa lehenesten jarraitzen dute, hain oinarrizkoa den gure adinekoen zaintzan ere, negozioak jendea babestu eta zaintzearen aurretik jartzen dutelako”. Horren ildotik, ohartarazi zuen arlo horretan ere EAJk murrizketak egingo dituela. “Inork ez du zalantzan jartzen artaziarena egoitzetara ere iritsiko dela. Lan baldintza duinak bermatzen dituen egoitzen kudeaketa publikoa ezarri beharrean, murrizten jarraituko dute, haientzat lehenengo gauza gutxi batzuen negozioa delako, guztion osasunaren aurrean”.