'Mater' ontzi museo ekoaktiboak geldialdiak egingo ditu Ondarroan eta Mutrikun
Ondarroan uztailaren 7an, 8an eta 9an egingo du geldialdia ontziak. Mutrikun, berriz, uztailaren 19an eta 20an bisitatzeko aukera egongo da.
Mater ontzi museo ekoaktiboa euskal kostaldean nabigatzen ibiliko da datozen asteotan, eta iragarri dutenez, hainbat geldialdi egingo ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat portutan, Zero Zabor Uretan bigarren kanpainaren barruan. Tartean, Ondarroan eta Mutrikun egongo da museo bihurtutako atunontzia.
COVID-19ak eragindako itsas hondakinen areagotzeak sortutako arazoez jabetzeko baliatuko du kanpaina ontzi museoak. Izaskun Suberbiola museoko zuzendariak agertu duenez, COVID-19tik eratorritako osasun krisiaren esparruan, itsas hondakinen arazoa areagotzen ari da ekosistema naturaletan, eta ondorioz, pertsonen osasunean zuzenean eragiten ari da. “Kontsumitzaile informatuen eta parte hartzaileen egiteak garrantzi handia du aldaketa ahalbidetzeko. Itsas zaborraren %80ak lurreko jatorri du, hondakinen gaur egungo kudeaketatik eta, oro har, gizartearen sentsibilizazio eta konpromiso eskasetik datorrena batez ere”.
Ondarroan, esaterako, uztailaren 7an, 8an eta 9an egongo da. Ontzi museoa bisitatzeko aukera edukitzeaz gain, Ondarroan portuko garbiketa eta itsas hondakinen arrantza egiteko aukera egongo da. Itsas hondakinen arrantza hilaren 8an egingo dute, 12:00etatik 14:00etara; doako ekintza izango da. Nahi dutenek, berriz, portuz portuko nabigazioa ere egin dezakete. Ondarroatik Bermeora nabigatu ahal izango da; 16:00etan irtengo du ontziak, portutik.
Mutrikun, berriz, uztailaren 19an eta 20an egingo du geldialdia Mater ontziak. Hilaren 20an, esaterako, nabigazio kolaboratiboa Mutriku eta Getaria artean; 16:00etan izango da irteera.