Uztailaren 2an jarriko dute martxan lagundutako bainu zerbitzua Isuntzan eta Arrigorrin
'Hondartza denontzat' ekimenak Lekeitioko Isuntzan eta Ondarroako Arrigorrin emango die laguntza menpekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte, pandemiaren prebentzio eta kontrolerako araudi orokor eta espezifikoetara egokituz.
Hondartza Denontzat lagundutako bainu zerbitzua martxan jarriko dute eguenean (uztailak 2) Lekeitioko Isuntza eta Ondarroako Arrigorri hondartzetan. Abuztuaren 31ra arte bitartean, Bizkaiko kostaldean “estrategikoki banatutako” sei hondartzatan ariko dira zerbitzua eskaintzen: Mundakako Laidatxun, Lekeitioko Isuntzan, Ondarroako Arrigorrin, Plentzian, Ereagan eta La Arenan. Azken hiruretan bihar [uztailak 1] jarriko dute abian zerbitzua.
Aurten COVID-19aren prebentzio eta kontroleko araudi orokor eta espezifikoetara egokitutako zerbitzua izango da. Hori horrela, instalazioetako edukiera murriztu egingo da osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantziari eusteko, eta zerbitzua eskaintzen eta jasotzen duten pertsona guztiek musukoa eraman beharko dute. Halaber, komeni da zerbitzuaren erabiltzaileak euren laguntza pertsonaleko baliabideekin joatea programaren aldagelak erabili behar dituztenean.
21 begiralek zainduko dute zerbitzua, 11:00etatik 19:00etara bitartean. Zerbitzu guztiak, garraio zerbitzuak barne, urtero bezala ematen jarraituko dira. Hori horrela, laguntza teknikoen mailegu zerbitzuak indarrean jarraituko du, eta programako profesionalek egiten duten bainu lagunduarena ere indarrean egongo da. Laguntza tekniko horiek eta instalazioak “etengabe higienizatuko” dituzte begiraleek.
Instalazioetan egoteko denbora muga osasun agintariek herritar guztientzat hartzen duten berbera izango da. Zerbitzuaz gozatu nahi duten sei pertsonatik gorako talde guztiek aldez aurretik erreserba egin beharko dute, “nahitaez”. Horretarako, 94-426 66 00 telefono-zenbakia deitu edota info@bidaideak.org helbide elektronikora idatzi beharko da.