Angel Etxanizen omenezko plaka bistaratu dute Ondarroako Klub 34 dantzalekuaren aurrean
Oraindik ere argitu barik gelditzen diren hilketak argitzea eta justizia egiteko eskatu dute Angel Etxanizen hilketaren omenaldian batu direnek.

Angel Etxaniz Olabarria ondarrutarra omendu zuten zapatuan [abuztuak 29] Ondarroan, haren hilketaren 40. urteurrenaren bezperan. Emozioz beteriko ekitaldi xumea eskaini zioten hainbat herritarrek “oroimena eta justizia” aldarrikatu zuten bitartean, eta Etxanizena modura oraindik ere argitu barik gelditzen diren hilketak argitzea eta justizia egiteko eskatu zuten omenaldian batu zirenek. Gertatu zena gogoan eduki eta “inoiz ez ahazteko”, Etxaniz hil zuten Klub 34 dantzalekuko sarrerako horman plaka bat bistaratu zuten Ondarroako Ezker Abertzalekoek.
Omenaldian Etxanizen alarguna eta haren hiru seme-alabak egon ziren, baita beste hainbat senitarteko lagun eta ezagun ere. Eguraldiak lagundu ez arren eta eguneko euri zaparradarik gogorrenak omenaldiko tartean bota arren, herritarrek aterki azpian jarraitu zuten ekitaldia.
Pedro Lasarte Toxu-k eman zion hasiera ekitaldiari. Etxanizen heriotza “kolpe ikaragarria eta samingarria” izan zen ondarrutarrentzat, eta Toxuk berak Etxaniz erahil zuten eguna eta hurrengoak espetxean zelan bizi izan zituen, eta erahilketari buruz egin duen hausnarketaren berri ere eman zuen. Besteak beste, Ezker Abertzalearen helburu politikoak lortzeko bidean “herri mugimenduak eduki duen, daukan eta edukiko duen indarra” nabarmendu zituen.

Angel Etxanizen omenezko plaka. Argazkia: Ondarroako Ezker Abertzalea
Jarraian, Agurra dantzatu eta lora eskaintza egin zieten Etxanizen senideei eta plaka bistaratu zuten. Ostean, Aiert Etxaniz Angelen semeak hartu zuen hitza. Etxanizen semeak azpimarratu zuenez, umeak zirela geratu ziren aita barik, eta haren hiltzaileek hura ezagutzeko aukera kendu zieten. Hala ere, ingurunekoengandik eta hurrekoengandik jasotako testigantzei esker jakin zuten euren aita zelako pertsona zen. Anai-arreben izenean Amaia Bedialauneta amari bihotzez eskertu zioten egoera gogor hari aurre egin eta “kemen guztiagaz” familia eta seme-alabak aurrera ateratzea.
Ekitaldia Ezker Abertzalearen irakurketagaz amaitu zen. Bertan, Etxanizek Euskal Herriaren alde emandako guztia goraipatu eta omenaldiagaz errekonozimendua, egia eta oroimena bultzatu nahi izan dutela azpimarratu zuten. “Gertaturikoari buruzko egia kontatu, senideak eta hurrekoak babestu eta etorkizunean aurrera egiteko behar-beharrezkoa den errekonozimendu eta justizia aldarrikatu ditugu. Gure ondorengoei helarazi nahi dieguna guk idatzi behar dugu, bestela etsaiak idatziko du eta”.