ETE ligako lehen bandera eskuratu du Ondarroak
Castro Urdiales Hiriko 43. banderaren bigarren luzean hegan egin dute ondarrutarrek, eta Tolosaldeari aurrea hartuta ligako lehen bandera irabazi dute. Denboraldia laugarren amaitu du Nagore Osorok eta June Aranbarrik entrenatutako taldeak. Isuntzak, berriz, zazpigarren amaitu du liga.

Denboraldi bikaina egin ostean, lehen bandera astintzeko aukera eduki dute Ondarroa Arraun Taldeko emakumeek. Domekan [abuztuak 30] Castroko uretan Castro Urdiales Hiriko 43. bandera irabazi zuten, eta horri esker ETE ligako historian tokia egitea lortu dute. Estropadaz estropada gorako bidea egin du Antiguako Ama-k, eta denboraldiko azken estropadan aste luzez esperotako saria lortu du Nagore Osorok eta June Aranbarrik entrenatutako taldeak.
Osorok azaldu duenez, Kontxara begira ipinita dago taldea. “Taldeari freskotasuna emate aldera aldaketa batzuk eginda joan ginen Castrora. Egia esan, ligako laugarren postua mantentzeko asmoagaz joan ginen, eta lasaitasun horrek eragina izan du asteburuan lortu ditugun emaitzetan”. Taldeko entrenatzaile eta patroiaren iritziz, presiorik barik arraun egitea berebizikoa izan da ETE ligako lehen bandera lortzerako orduan. “Oso lasai, estropadez gozatzeko asmoagaz eta liga ondo amaitzeko gogoagaz joan ginen Castrora, eta faktore horiek lehen bandera irabazteko gakoa izan dira. Buruagaz eta lasai arraun egiten ikasi dugu, eta hori izan zen garaipena lortzeko giltza”.
Ezustekoa emanda inork espero gabeko garaipena izan zen ondarrutarrena. Tolosaldea ligako lehen postua ziurtatuta ailegatu zen azken jardunaldira. Ohorezko txandan tolosarrak lehen ziaboga osatzen lehenak izan ziren, baina ondarrutarrek aurrea hartu eta helmugan sartzen lehenengoak izan ziren; 12 minutu, 2 segundo eta 96 ehuneneko behar izan zituzten historian sartzeko. Bigarren luzean hegan egin zuten ondarrutarrek Nagore Osororen gidaritzapean. “Itsaso txarra bazegoen ere, nahikoa ondo moldatu ginen. Azken luzean olaturen bat edo beste hartzea lortu genuen, eta horri esker aurrea hartu genuen”. Tolosaldea bigarren ailegatu zen helmugara (12:04,12) eta Zumaia izan zen hirugarren (12:07,05). Isuntzak, berriz, zazpigarren amaitu zuen estropada (12:30,41).

‘Antiguako Ama’-ko arraunlariak garaipena ospatzen, Castroko uretan. Argazkia: Ondarroako Kirolaren Leihoa
Garaipenaren berri eduki orduko herrian turrun hotsa nagusi izan zen, eta herrira bueltan zaleek txalo artean hartu zituzten. Zaleen gozamerako KamiƱazpitik Itsasaurrera kalejira egin zuten bandera eskuan, eta emozioz beteriko une bat baino gehiago bizi izan zuten arraunlariek. Herritar askorek zoriondu du taldea sare sozialetan, baita Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak ere. “Berba gutxi esan, eta euren aurpegiak ikustea baino besterik ez dugu zer lortu duten konturatzeko. Nesken kirolean, arraun elkarteko nesken proiektuan, eta, zelan ez, egunero-egunero beharrean ari diren arraunlari, entrenatzaile eta laguntzaile guztiei, zorionak!”.
Domekan ez eze, zapatuan [abuztuak 29] ere sekulako estropada egin zuten ondarrutarrek. Hirugarren amaitu zuen, Hibaika bigarren sailkatuarengandik 60 ehunenekora eta Tolosaldea lehen sailkatuarengandik 4 segundotara. Isuntza ere ondarrutarren txanda berean ari zen arraunean, baina zortzigarren amaitu zuten estropada. Denboraldiari dagokionez, ondarrutarrek 74 eskuratuta laugarren amaitu dute liga (Zumaia hirugarren sailkatua baino hiru puntu gutxiago). Isuntzak ere agur esan dio denboraldiari: zazpigarren amaitu dute 37 puntugaz.