Oizen batu dira Bizkaiko gazteak, presoen eta iheslarien eskubideen alde
Pandemiaren eraginez, presoek bizi duten egoera «are gogorragoa» dela salatu dute. Asier Badiola preso ondarrutarrak idatzitako gutuna irakurri dute tontorrean

Sarek bultzatutako Izan Bidea ekimenagaz bat eginda, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Durangaldeko gazteek euskal preso eta iheslarien eskubideen eta haien etxeratzearen aldeko mendi martxa egin zuten domekan [abuztuak 30], Oiz mendira. Euskal presoek bizi duten egoera «gogorra» dela salatu zuten. Parte hartzaileek esandakoaren arabera, Lea-Artibai eta Busturialdeko 80 bat herritarrek parte hartu zuten ekimenean.
Munitibarretik atera ziren Lea-Artibai eta Busturialdeko gazteak, eta Iurretatik Durangaldekoak. Guztiek tontorrean bat egin eta gero, ekitaldia egin zuten, segurtasun neurriak hartuta. Gaineratu zutenez, COVID-19aren ondorioz euskal presoen egoera oraindik ere gogorragoa da. Eta euskal presoek bizi duten errealitatea zer nolakoa den lehen pertsonan azaltzeko, Asier Badiola Indixu preso ondarrutarrak idatzitako gutuna irakurri zuten: «Pandemiaren ondorioz, momentu honetan, kartzelan inoiz ezagutu ez dugun egoera bizitzen ari gara. 31 urtetan sufritzen gauden dispertsioa inoiz baino gogorragoa bihurtu da. Hilabeteak egon gara gure umeak ikusi barik, etxekoengandik eta lagunengandik isolatuta. Orain, astero, kezka eta antsietate puntu bategaz, asteburuko bisitara helduko garen zalantzaz gaude aste osoan. Zer izango den ez jakiteak kartzelaldia asko gogortzen du, eta herriarekiko lotura mantentzea zaila egiten da. Baina badakigu hor zaudetela».
Horren aurrean, gazteek azpimarratu dute preso eta iheslari guzti-guztiak bizirik etxean egon arte bidea egiten jarraituko dutela. Eta ekimenagaz amaitzeko argazki erraldoia atera zuten.

Argazkia: Ondarruko Ernai

Argazkia: Ondarruko Ernai