Umorea eta gogoeta uztartu ditu Mutrikuko Galbaixotako bertso saioak
Aldez ezarritako aforoa bete egin zela azpimarratu dute antolatzaileek, eta bertsozale asko saioa ikusteko aukerarik gabe geratu zirela esan dute. Datozen egunotan saio osoa Youtuben ikusteko aukera egongo da.
Mutrikuko Bertso Eskolak antolatutako Galbaixoetako bertso jaialdiak sekulako arrakasta izan du beste behin ere. Bariku [irailak 4] gauean bertso saio dotorea eskaini zuten Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Angel Mari Peñagarikanok eta Oihana Iguaranek Zabiel Plazan ipinitako oholtzan. Umoretik eta gogoetatik, bietatik izan zuen saioak, eta hori asko estimatu zuten bertaratu ziren entzuleek.
Aurrez ezarritako aforo guztia (84 lagun) bete zela ere esan dute antolatzaileek. “Protokoloak uzten zuen modura eta segurtasun guztiak mantenduta, plaza guztia bete zen”. Hori bai, nahikoa jende sarrerarik gabe geratu zela ere adierazi dute. “Pena hori dugu”. Hala ere, saioa ikusi gabe geratu zirenek saioa osotasunean ikusteko aukera izango dutela aurreratu dute. “Saioa grabatu egin genuen, eta Youtube bidez Galbaixoetan sareratzea pentsatu dugu, bertaratu ezin izan zutenek ere aukera hori edukitzeko nahiarekin. Oraindik ezin dugu zehaztu zer egun eta ordutan sareratuko dugun”.
Banaka, binaka, neurri txikian, puntu erantzunean… eta amaieran puntuka ere aritu ziren bertsolariak. Koronabirusa eta honek eragindako egoera sozial, politiko eta ekonomikoa izan zen saioko gai nagusietako bat, eta horrekin batera beste hainbat gai ere proposatzen saiatu zen Unai Belaustegi saioko gai jartzailea. “Bestelako gai aukeraketa nahikoa konplikatua izan zen. Ez genuen nahi saioak gai bakarrarekin zerikusia izatea. COVID 19-arekin lotuta pare bat gai proposatu genituen, baina saioaren gehiengoa, urtero egiten dugun modura, herrian gertatutako kontuei buruzkoa izan zen: herriko albisteak, pasarteak…”.
Herriko hizkera ere urteroko gai izarra izaten da. Bertsolari bakoitzak herrian jolasten den edo jolasen batekin zerikusia duen hitza asmatu behar izan zuen bertsotan. Honako hitzen esanahiak asmatu behar izan zituzten: selemietan, zakaponetan, txolota eta tresnabioska. Txaranbela, zorkixa, trangusa eta atxumartia moduko kresal zaporeko herriko hitz bereziak gaitzat eman, eta antzeko ariketa egin behar izan zuten lau bertsolariek.