Inhar Urruzuno, zortzigarrenez Bizkaiko txapeldun
Sasoirik onenean ez badago ere, txapelketaren podiumaren gorenean mantentzeko gai dela erakutsi du beste behin ere harrijasotzaile ondarrutarrak. 70 jasoaldi eginda, merezimendu osoz jantzi du txapela.
Domeka [irailak 13] eguerdian Sopelako udaletxeko pareko plazan jokatu zen Bizkaiko Harri Txikien Txapelketa nagusitasun osoz irabazi zuen Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak. 70 (32+17+21) jasoaldi eginda, merezimendu osoz jantzi zuen txapela. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jon Gisasola Zelai V.a 56 jasoaldigaz (23+13+20) eta Julio Jimenez 45 jasoaldigaz (20+11+14).
Aurkariak ondo aritu ziren txapelketan, baina Gorozikakoak maila bat gorago dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Tinko eusten dio garaipenari Bizkai mailan. Azken txapelagaz zortzi txapel jarraian etxeratu ditu. 2013an irabazi zuen estreinako txapela, eta orduz geroztik, podiumaren gailurrean mantentzeko gai izan da.
Lan dotorea eta txukuna egin zuen, baina aitortu duenez, ez zen beste urte batzuetan moduko fin ibili plazan. Azpimarratu duenez, iazko emaitza eta aurtengoa alderatuz gero, alde handia dago; aurten iaz baino 11 jasoaldi gutxiago egin ditu. “Urtea moduko arraroa izan zen txapelketa bera ere. Ohikoa baino zale gutxiago batu ziren, eta geuk ere aparteko neurriak hartu behar izan genituen. Eroso sentitzea ez zen batere erraza izan, eta horrek eragina izan zuen emaitzan. Urte arraro honetan, gainera, ez dut asko entrenatzeko aukerarik eduki, eta ez nago nire mailarik onenean. Txapelketa eta erakustaldi askorik ere ez da aurten, eta sasoiko jartzeko pizgarri hori faltan bota dut”.
Sasoirik onenean egon ez badago ere, txapelketa irabaztera plazaratu zela nabarmendu du. “Hori argi nuen, eta helburu hori lortzera atera nintzen. Zortzigarren txapela eskuratu dut, eta ni horregaz geratzen naiz”.
Norgehiagokari dagokionez, Jon Gisasola Zelai V.aren eta Julio Jimenezen aurka neurtu behar izan zituen indarrak. 113 kiloko kopagaz hasi, 113 kiloko laukizuzenagaz jarraitu eta 100 kiloko bolagaz hiru minutuko saioa egin behar izan zuten hirurek. Ohi modura, zozketak erabaki zuen harri jasotzaileek lanak egin beharreko txanda. Urruzunori azken txandan aritzea egokitu zitzaion, eta modu horretara, aurkarien erreferentziak jakinda ekin zion lanari.
Lehen harriagaz gogor jo zuen. 113 kiloko kopari 32 jasoaldi eman zizkion, eta horri esker aurkariekiko abantaila “ederra” lortu zuen. Zelai V.ak eta Julio Jimenezek baino 9 eta 12 jasoaldi gehiago lortu zituen, hurrenez hurren. Lehen harritik txapelketa ondo bideratuta laga bazuen ere, hurrengo bi harrietan ere bere erritmoan kontzentratuta lanean jarraitu zuen. “Lasaitasun puntu horregaz jarraitu nuen, baina burua hotz mantenduta”.
Ondarrutarrak HITZAri aurreratu dionez, eta buruari hainbat buelta eman ostean, aurten Euskal Herriko txapelketan ez parte hartzea erabaki du. “Egunotan hartu dut erabakia. Txapelketa egitekoak dira, baina ez joatea erabaki dut. Euskal Herriko moduko txapelketa garrantzitsu batean nire maila ez ematekotan, nahiago dut ez parte hartu; bestelakoan, plazara sufritzera irtengo nuke. Osasun egoera zelakoa den ikusita, entrenatzeko gogo handiegirik ere ez dut”.