Irailaren 21ean plazak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute pentsiodunek
Asteleheneroko elkarretaratzeekin hasteko dei bateratua egin dute Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumon. "Inoiz baino indar gehiagogaz" bueltatuko direla esan dute.
Elkarregaz eta “inoiz baino indar gehiagogaz” bueltatuko dira pentsiodunak plazetara. Irailaren 21ean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko plazak betetzeko deia egin dute pentsiodunek gaur Gernika-Lumon, eta astelehenero 12:00etan elkartzeko hitzordua jarri dute.
“Gobernuan dagoena dagoela ere, pentsioak defendatzeko konpromisoa hartu genuen, eta horretan jarraituko dugu”, esan dute. Hala, Bermeoko, Gernika-Lumoko, Aulestiko, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Mutrikuko plazak hartuko dituzte berriro: “Borrokarako ilusioz eta gogoz gaude, eta elkarrekin ekingo diogu. Euskal Herriko beste 70 herri baino gehiagotan egiten ari diren elkarretaratzeekin bat egingo dugu. Herri horietako batzuk ez dute etenik izan, eta beste batzuk hilabete honetan hasi dira mobilizatzen”.
Pandemia baten testuinguruan ekingo diote ikasturte berriari: “Behartsuenak eta ahulenak astintzen ari den pandemia da. Krisi honek aurpegi anitza du, baina bereziki adinari eta pobreziagaz lotutakoa. Adinekoen sektorea majo astindu du”.
Duela bi urte eta bederatzi hilabete hasi ziren 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldatak eskatzen, eta horiek aldarrikatzen jarraituko dute. Alargunen pentsioak %100 izateko deiak ere bere horretan dirau. “Makina bat pentsiodun ezagutzen ditugu 1.080 euroko pentsiotik urrun. Emakumeen kasuan gehiago dira kasuak eta alarguntasunean bizi diren emakumeen egoera larritu baino ez da egiten. Kezkatu egiten gaitu lan baldintza prekarioek bere horretan jarraitzea”.
Aurrera pauso txikiak lortu dituzte, baina euren aldarrikapen nagusi horiekin jarraituko dute: “Ez zigun inork plazarik eskaini, ezta borroka hau pasabide gorri, eroso, laburra izango zenik aitortu ere. Eskarmentuek argi irakatsi digute partiduak irabazteko jokatu egin behar direla, jokatu ezean ez dagoelako irabazterik”.
Pentsio duinak aldarrikatzeaz gain, krisi soziosanitarioak eta nagusien egoitzen egoerak “arduratzen” dituztela diote, eta bizimodu “duinen alde” borrokatuko dutela jakinarazi dute.
“Neurriak hartzeko orduan ez dugu nahi koronabirusaren aitzaikia erabiltzerik. Eskaera guztiak entzun behar dira, herritarren beharrizanetara egokitu eta erantzun bat eman”
“Pandemiaren aurretik bagenekien egoera soziosanitarioa ez zela egokia, baina pandemiagaz larritasuna ugaritu egin da. Adinekoen egoitzen egoera ez da ona”. Hori horrela, zahartzaro duina eta asistentzia duina eskubideak direla esango dute beste behin. Egoiliarrekiko eta horien zaintzaren ardura duten langileez ere “arduratuta” agertu dira pentsiodunak. Hori horrela, nagusien egoitzen egoeraz hitz egiteko Ahaldun Nagusiekin batzartu direla esan dute, eta gaur egungo ereduek ez dutela balio ikusi dutela: “Guri zuzenean eragiten digu horrek, adin horretatik hurbil gaudelako, eta familiakoak egoitzetan ditugulako. Konponbide bat aurkitu behar da, eta oraindik ez da heldu”.
Gelditu barik. Udan etenaldia egin dute, baina ez dira geldirik egon. Euren jardunagaz jarraitu dute: “Produkzioan pasiboak izan gara, baina ekintzetan aktiboak”.
Pentsio duinak eskatzeko, hilabete honen hasieran Euskal Herriko Pentsiodunen ordezkaritza bat Toledoko Itunaren presidenteagaz batu zen, eta “kezkatzeko” ondorioak atera zituzten. Batzarra bi urte eta erdiko borrokaren ondorioa izan zela diote, baina ez dagoela ezer zehaztuta nabarmendu dute: “Berriro batzartzea erabaki dute, baina zoritxarrez pentsioen sistema publikoa ez dago oraindik ziurtatuta. Ez dago ezer zehaztuta”.
Batzea ondo dagoela baina erabakiak hartu behar direla diote: “Neurriak hartzeko orduan ez dugu nahi koronabirusaren aitzaikia erabiltzerik. Eskaera guztiak entzun behar dira, herritarren beharrizanetara egokitu eta erantzun bat eman”.
Aurrera begira. Hala, elkarretaratzeetara bueltatzeaz gain, eragile politikoekin ere elkarrizketak izango dituztela azaldu dute, eta gobernuei erantzukizunak eskatuko dizkietela: “Azken hamarraldian izan ditugun lan erreformen desegitea eskatzen jarraituko dugu. Berdintasunaren alde ere egingo dugu, eta guztiontzako kalitatezko osasunaren aldeko defentsa egiten arituko gara”.
Egoerak berdin jarraituz gero, ez direla bakarrik astelehenetako mobilizazioetara mugatuko jakinarazi dute, eta urtarrilaren 30ean egin bezala, bestelako ekintzak ere egingo dituztela diote. Hala, gazteei euren elkarretaratzeetara hurbiltzeko deia ere egin diete: “Euren lan baldintzak eta pentsioak ere jokoan daude”.