Izan Bidea dinamikaren azken ekimena aurkeztuko du Sare Ondarruk
Urriaren 3ko ekimena aurkeztu eta herriko taldearen aurkezpena egingo dituzte eguenean, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
“Inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena” antolatu du Sarek. Izan Bidea dinamikaren baitan, urriaren 3an Euskal Herriko tontor ezagunenak igotzera animatu nahi dituzte herritarrak. 650 bat mendi igoko dituzte egun berean, “preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde”. Deialdiari erantzunez, erronkagaz bat egiteko deia ere egin nahi dute Ondarroan.
Ekimenaren barruan Ondarroako zein tontorretara igotzeko asmoa duten ezagutzera emango dute Sare Ondarruko kideek eguenean [irailak 17], 19:00etatik aurrera, Kofradia Zaharrean egingo duten aurkezpenean. Agerraldira bertaratzen direnek ekimen esanguratsuari buruzko informazio zehaztua jasotzeko aukera edukiko dutela iragarri dute. Herriko eragile guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera.
Urriaren 3ko ekimenari buruzko azken xehetasunak emateaz gain, Sare Ondarruren aurkezpena egiteko aprobetxatuko dutela nabarmendu dute. “Taldea azkenaldian erdi geldik egon bada ere, orain indarberrituta gatoz”. Agerraldian, gainera, taldeak aurrera begira dituen asmoen berri ere emango dute.