Kultur Aniztasunaren Batzordea aurkeztuko du Ondarroako Udalak
Lehenengo saioa irailaren 22an egingo dute Kofradia Zaharreko lehen solairuan. 18:30ean ipini dute hitzordua.
Udalerrira bizitzera etorri diren biztanle berriei egindako ongietorri ekitaldien ostean Kultur Aniztasunaren Batzordea eratzeko lehenengo saioa egingo dutela jakitera eman dute Ondarroako udal iturriek. “Jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza, elkar aitortza eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko asmoz”, irailaren 22rako egin dute deialdia. 18:30ean batuko dira Kofradia Zaharreko lehen solairuan.
Pedro Lasarte Iparragirre Aniztasun zinegotziak azpimarratu duenez, batzordea “kulturartekotasunaren balioa lantzeko espazio komuna” bihurtu nahi dute. “Horregatik guztiagatik, gure herrian kultur aniztasunaren aberastasuna landu nahi duten eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu batzordera. Arlo horretan hezkuntza komunitateak duen garrantzia kontuan hartuta, herriko ikastetxeei batzorde honen auzkezpenean parte hartzeko gonbidapen berezia egiten diegu”.