'Mi pequeño gran samurai' film dokumentala Ondarroara ailegatuko da
Film laburra urriaren 10ean proiektatuko dute Bide Onera zinema aretoan; hiru emanaldi eskainiko dituzte. Doako gonbidapenak Turismo Bulegoan daude eskuragarri.
Ekai Lersundi Martinez ondarrutar gaztearen bizitzari buruzko Mi pequeño gran samurai film dokumental laburra Ondarroako Bide Onera zinema aretoan proiektatuko dute urriaren 10ean. Lersundiren gurasoek jakitera eman dutenez, semearen urtebetetze egunaren atarian ekitaldi berezia antolatu nahi dute.
Hiru emanaldi eskainiko dituzte: 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan. Hori bai, film dokumentala ikustera joan nahi dutenek aldez aurretik doako gonbidapenak jaso beharko dituzte. Txartelak urriaren 8ra arte Turismo Bulegoan eskura daitezke. Turismo Bulegoa martitzenetik domekara dago zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. “Gonbidapena jasotzerako orduan izen-abizenak eta telefono zenbaki bat eman erraztu beharko dira, eta zer ordutako saiora joan nahi duten zehaztu”.
Saio bakoitzean gehienezko aforoa 150 lagunekoa izango da, eta gonbidatuen jarlekuak izendatuta egongo direla esan dute. “Sarreran aretozain bat egongo da, eta hark esango die non jarri behar diren. Aurretik dena zehaztuta egongo da”. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, etxebizitza berean bizi diren kideek batera esertzeko aukera izango dute. “Txartelak jasotzeko garaian etxebizitza bereko zenbat lagun joango diren galdetuko dute, eta guk horren arabera antolatuko ditugu aretoko aulkiak”.
Lersundiren hurrekoek azpimarratu dutenez, aurten ondarrutar gaztea gogorarazteko egingo duten ekintza bakarra izango da
Osasun protokolo guztiak zorrotz beteko direla ere azpimarratu dute antolatzaileek. “Ikusleen segurtasuna bermatzeko protokolo guztiak beteko dira. Pilaketak saihestu aldera ateak ordu erdi lehenago zabalduko dituzte, eta sarreran eta irteeran ere distantziak mantendu beharko dira”. Beste neurrien artean derrigorrezkoa izango da maskara soinean eramatea, eta proiekzioak irauten duen tartean ezingo da kendu. Sarreran ere tenperatura hartuko zaie guztiei, eta eskuak gel hidroalkoholikoagaz garbitu beharko dira. “Saioen artean ere eserleku guztiak desinfektatuko dira”.
Urriaren 13an 19 urte beteko zituen Lersundik. Haren hurrekoen asmoa aurten ere Aniztasunaren Besarkada Eguna errepikatzea zen, baina osasun krisia tarteko, bestelako ekintza egitea erabaki dute. Film dokumentala aspalditik Ondarroan proiektatzeko gogoagaz zeuden haren gurasoak, eta hain data esanguratsua baliatuz, Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarraren azken lana herrian proiektatzea erabaki dute. Ondarrutar gaztea gogoratzeko ekintza bakarra izango dela nabamendu dute. “Aurten dagoen egoeragaz ekitaldi bakarra egingo dugu. Hauxe izango da urtebetetze oparia”.
Filma herrian bertan proiektatu ahal izatea izugarria dela esan dute. “Jendea filma ikusteko irrikitan dago, eta galdezka eduki dugu. Jende askoren laguntzari esker lortu dugu hau proiektua aurrera ateratzea. Lana Ondarroan proiektatu ahal izatea, beraz, bertan lagundu duten guztiei eskerrak emateko beste era bat da”.