Ondarroako Oroitzen elkartea: bost urte esperientziak trukatzen
Ondarroako Oroitzen Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten gaixoen senitartekoen eta lagunen elkarteko kideak hilean behin batzen dira Antiguako Ama elkartean. Egunerokoan sortzen zaizkien kezkak eta gorabeherak partekatzen dituzte.
Kezkak, zalantzak, beldurrak… arrapaladan sortzen dira norberari edo hurreko bati Alzheimerra diagnostikatu ostean. Egoera berrira egokitzeko orduan prozesu beretik igaro direnen gomendioak ezinbestekoak bihurtzen dira, eta horretan esperientzia zabala dute Ondarroako Oroitzen elkarteko kideek.
Elkartea duela bost bat urte hasi zen lehen pausoak ematen, eta orduz geroztik zaintzaile modura egokitu zaien “bide gogorra” besteekin partekatzen dihardute elkarteko kideek. Zaintzaileak direnak zaintzea, gaitzari buruzko dituzten ezagupenak zabaltzea, eta gaixoei arreta hobea eskaintzea, horiek dira taldearen oinarri nagusiak. “Ez gara adituak, geure artean Alzheimerra duen gaixoren bat dugun edota izan dugun senitartekoen eta lagunen talde bat gara. Gure ezagutza esperientzian oinarritzen da”.
Gaitza dutenen hurrekoak hilean behin elkartzen dira Antiguako Ama elkartean. “Hileko lehenengo eguaztenetan jarrita dugu hitzordua. 17:30ean batzen gara. Baina beharraren arabera gehiagotan batzeko aukera ere badago. Egoerak hala eskatzen baldin badu, sarriago batzen gara”. Azaldu dutenez, saio horietan batzen direnek egunerokoan sortzen zaizkien kezkak eta gorabeherak partekatzen dituzte, eta bertan esaten dena isilpean geratzen dela ohartarazi dute. “Taldean berba egiten dena hemen geratzen da”.
Gaixotasuna dutenak eta haien hurrekoak bakarrik ez daudela sentiaraztea berebizikoa dela gogorarazi dute. Are gehiago, elkarteko lantalde osoa alholkularitza eta laguntza behar dutenei emateko prest dagoela gaineratu dute. “Jendeari hau arazoau agertzen zaionean ez du jakiten nora jo edo non informatu. Elkartera hurreratzen direnei nora jo behar duten bideratzen saiatzen gara. Ez eduki beldurrik eta ez lotsatu; gu laguntzeko gaude”.
Alzheimerra, tamalez, gertutik ezagutzen dute elkarteko kideek, eta gaitza bera oraindik ere estigmatizatuta dagoela diote; berau gizarteratu, ikustarazi eta normalizatu bidean lanean jarraitu beharra berebizikoa dela berretsi dute. Datorren martitzenean [irailak 21], hain zuzen, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna izango da, eta eguna bera gaixotasuna ezagutzera ematera baliatuko dutela jakitera eman dute. “Orain arte mahai informatiboa ipini izan ohi dugu Itsasaurren. Aurten, ostera, udalari bandoa ateratzeko eskatu diogu. Beste hiri eta herri batzuetan egiten den modura, gainera, udalari herriko eraikin esanguratsu bat argi berdez argiztatzeko eskatu diogu. Esan digutenez, udaletxea argitaztatuko dute”.
Era berean, herritarrei elkartearen irudia sare sozialetan elkarbanatzeko eskatu diete. Norberaren profileko irudia elkarteko irudiagaz ordezkatu, eta gaixotasuna bistaratzeko era deigarria dela iruditu zaie. “Atentzioa emateko era polita iruditzen zaigu”.