Abandonatutako ibilgailuak kaletik kentzeko doako zerbitzua eskainiko dute Ondarroan
Abandonatutako ibilgailuak kendu eta aparkalekuak libre uztea da zerbitzu berriaren helburua. Zerbitzu berria urriaren 1etik aurrera emango dute, eta Udaltzaingoak kudeatuko du.

Herriko kaleetan hainbat auto eta moto abandonatzen direla ikusirik, ibilgailuak abandonatuta ez uzteko zerbitzu bat eskaintzen hastea erabaki du Ondarroako Udaltzaingoak. “Abandonatutako ibilgailuak kendu eta aparkalekuak libre uztea da zerbitzu berriaren helburua”. Zerbitzu berria urriaren 1etik aurrera ematen hasiko dira, eta doakoa izango dela azpimarratu dute. “Ibilgailuak bide publikoetan abandonatzea ez dago baimenduta. Herritarren batek, edozein arrazoi tarteko, autoa edo motorra abandonatu nahi badu horretarako aukera izango du”.
Udaltzaingoan kudeatuko dute zerbitzua, eta horretaz baliatu nahi dutenek Udaltzaingoaren bulegora joan beharko dute. Honakoak utzi beharko dituzte bertan: ibilgailuaren zirkulazio baimena, IATaren ziurtagiria, ibilgailuaren titularraren NAN fotokopia eta ibilgailuaren giltz guztiak. “Hortik aurrera Udaltzaingoak edukiko du ibilgailu horren ardura, eta bera arduratuko da ibilgailua kaletik kentzeaz eta txartartegi edo beste gune baimendu batera eramateaz”.
Udaltzaingoak, gainera, abandonaturik dauden ibilgailuen zerrenda bat ere egingo du, eta, ostean, jabeekin harramenetan jarriko da zer egin erabakitzeko. Ibilgailu horiek, bestelakoan, bide publikotik kenduko dituztela jakinarazi dute.