Eztabaida Gune Feminista izango da Etxelilaren ikasturte berriko berritasunetako bat
Eztabaida Gune Feministaren helburu nagusia herritar guztiei zuzendutako jarduera irekiak antolatzea dela esan dute. Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren programazioa hurrengo egunetan aurkeztuko dute.

COVID-19ak eragindako errealitate berrira moldatutako programazio berria aurkeztu du Ondarroako Etxelila Emakumin Topalekuak. 2020-2021 ikasturtea eskaintza berrituagaz datorrela azpimarratu dute, eta ohiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaz gain, jarduera irekiez osatutako proposamen bat ere prestatu dute aurten: Eztabaida Gune Feminista.
Proposamen berriaren helburu nagusia herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatzea dela esan dute. “Aditu batek gidatuko ditu, hausnarketa eta eztabaida feministak garatzeko espazio bat irekiz”. Jarduera horiek ere Etxelilan egingo dituzte, baina kasu horretan ez da beharrezkoa izango aurretiaz izena ematea. Besteak beste, honako jarduerak antolatu dituzte:
- Iraganeko eta gaur egungo sorgin ehizak.
- Andrezaharren manifestua liburuaren aurkezpena eta solasaldia.
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolari dagokionez, hurrengo egunetan aurkeztuko dute programa osoa. Aurten ere hainbat gairekin lotutako ikastaro ugari eskainiko dituztela aurreratu dute. Urtero legez, feminismoagaz, emakumeen osasunagaz, kulturaren berdefinizioagaz eta emakumeen nortasunagaz lotutako ikastaroak egin ahal izango dira.
Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren barruan, gainera, antolatzen diren lau parte hartze guneek protagonismo berezia izaten jarraituko dutela nabarmendu dute. “Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du eskola hutsa izan nahi, parte hartze gunea baizik. Hainbat parte hartze gune zabalduko ditugu eta horietan parte hartzera animatzen zaituztegi. Talde ireki horietan parte hartzeko interesa baduzu, Etxelilan eskatu informazioa”. Honako hartze guneak antolatu dituzte:
- Aringaingan.
- Literaturaz eztabaidatzeko gunea.
- Neska Gazteen Txokoa.
- Andrabanda Feminista.