Leire Bilbao omenduko dute Zarauzko Literaturia jaialdian
Literattipia atalean, haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik emango diote Literaturiaren oroigarria. Domekan egingo diote aitortza.

Idazle ondarrutarrari haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik emango diote Literaturiaren oroigarria. Hitza da giltza lelopean, barikuan [irailak 25] abiatu eta domekara [irailak 27] bitartean egingo dute Literaturia jaialdia Zarautzen, eta jaialdiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, haur eta gazte irakurzaleei leku egiten ahalegintzen den Literattipia atalean omenduko dute batik bat poesia eta haur eta gazte literatura landu dituen idazlea. Modelo aretoan domekan [irailak 27] 12:00etan hasiko den ekitaldi berezian egingo diote aitortza.
Leire Bilbao, baina, ez da euskal letren munduari plaza emango dion jaialdiak omenduko duen bakarra izango. Euskal itzulpengintzari ere egingo diote aitortza; EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea ere omenduko dute zapatuan [irailak 26].
Bilbaok azpimarratu dutenez, omenaldia idazten jarraitzeko keinu modura ulertzen du. “Aurrera begira lanean jarraitzeko paperezko besarkada bat modura ulertzen dut aitortza hau; bultzada eta indarra beharrezkoak ditugu. Sortzaile asko ez gara sorkuntzatik bizi. Beste arlo askotan egiten dugu lan eta bestelako ardurak ere baditugu (etxea, umeak…). Sinesten dugun horri denbora librea daukagunean eskaintzen diogu gure denbora apurra. Nire kasuan, denbora libre horri literatur sorkuntzara bideratzen dut”.
Koronabirusaren egungo osasun krisiak, gainera, gogor kolpatu du kultura, tartean, literaturgintza bera. Literaturagaz lotutako jaialdi asko bertan behera geratu behar izan dira, eta Literaturia moduko euskal literaturzaleen hitzordu bat mantentzea oso garrantzitsua dela esan du ondarrutarrak. “Literaturia ibilbide luzea duen jaialdia da; herritik eta herrirako egindako literaturari buruzko ekitaldi bat da. Berez, maiatzen egin behar zen. Programazioa prestatuta zegoen, eta antolatu beharreko dena eginda zegoen. Lan guztia eginda zegoen, baina dakigun arrazoiengatik bertan behera geratu zen. Baina, zailtasunak zailtsasun, eta Ondarroan esaten den modura errie eman barik antolatzaileek aurrera jarraitzeko apustua egin dute”.
Omenaldia jaso aurretik, gainera, Ateko zirrikitutik izeneko poesia eta ipuin kontaketa ere eskainiko du Modelo aretoan bertan. 11:00etan ipini dute hitzordua. “Aurtengo Literaturiaren gai nagusia atea da, eta horregaz joko bat egingo dut. Ate mota asko daude, baina denak ez dira fisikoak. Badaude zabaldu behar diren beste ate batzuk ere; liburu bat bera ere ate bat izan daiteke, zabaldu, eta beste mundu paralelo batetara jauzi egin daiteke”.