Federazioak antolatutako txapelketak jokatzeari uko egin diote hainbat aizkolarik
Desadostasunak tarteko, lehen mailako eta bigarren mailako hogei aizkolarik eurek antolatutako txapelketa propioa jokatuko dute. Ugaitz eta Aratz Mugertza mutrikuarrek ere erabakiarekin bat egin dute.
“Desadostasunak tarteko”, lehen mailako eta bigarren mailako hogei aizkolarik Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazi zuten atzo [irailak 23] Diman egin zuten agerraldian. Honako aizkolariek bat egin dute eskaerarekin: Ugaitz eta Aratz Mugertza, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Eneko Otaño, Iñaki Azurmendi, Jon Rekondo, Jesus Mari Mujika, Aitzol Atutxa, Jon Irazu, Ruben Saralegi, Juango Lopez, Eloy Corchero, Ioritz Gisasola, Julen Kañamares, Julen Larrea, Axier Pellejero, Eneko Saralegi, Arkaitz Jauregi.
Horren ordez, euren kontura antolatutako Euskal Herriko Txapelketa propioa jokatzearen aldeko apustua egingo dutela iragarri dute. “Gure txapelketa antolatuko dugu, eta txapelketa honek orain arte Euskal Herriko Txapelketak izan duen jarraibide berak izango ditu. Hori da geratzen zaigun etorkizuneko bide bakarra”.
Azken urteetan, eta, bereziki, azken hilabeteetan gertatutakoak azaldu eta epe laburrean dituzten asmoak ezagutarazi zituzten agerraldian. Diotenez, “kezkatuta” daude aizkoraren egungo egoerarekin eta federazioarekin dituzten desadostasunekin. Egungo egoerara “aspaldi” iritsi zirela diote, eta osasun krisiak lehendik sentitzen zuten egoera “azaleratu” besterik ez duela egin azpimarratu dute. “Euskal Herriko herri kirol federazioarekin bilera ugari izan ditugu azken urteetan, baina haietan sentitutako deserosotasunak gero eta indar handiagoa hartu du”. Urtetik urtera “hitz emandakoak” ez direla bete salatu dute.
Ekainaren amaieran federazioak Euskal Herriko txapelketak ez antolatzeko erabakia ezagutara eman zuen, baina aizkolariek salatu dutenez, askok “komunikabideen bidez” eduki zuten erabaki horren berri, erabakia horren goiz eta zein arrazoigatik hartu zuten ulertu gabe. Erabaki horren atzean zegoen “utzikeriaz” ohartu ziren aizkolariak. “Pandemiatik atera berri geunden, baina urte erdi geratzen zen aurretik. Zergatik txapelketak bertan behera utzi? Zergatik aizkolaritzari zegozkionak bakarrik? Orduan konturatu ginen utzikeria zegoela atzetik”.
Lehen eta bigarren mailako aizkolariek elkarte propio bat sortzeko asmoa erakutsi dute.
Aurrera egiteko nahiarekin, euren kontura lanean hasi ziren. “Federazioarekin harremanetan jartzea erabaki genuen, eta askotan eskaini geniona eskaini genion: txapelketa aizkolariok antolatzea. Ezezko borobila jaso genuen, eta horren aurrean txapelketa berria guk antolatzea erabaki genuen, Euskal Herriko Txapelketaren baliokidea litzatekeena”.
Jakitera eman dutenez, federakundeko kideei ez zitzaien gustatu aizkolariek egindako proposamena. Abuztuaren 20an beste ohar bat kaleratu zuen federazioak, txapelketak jokatuko zirela iragartzeko. Erabaki hori ere kirolariekin inolako harremanik eduki gabe hartu zutela-eta kexu dira aizkolariak. “Egoera horren aurrean aizkolariok bi txapelketa berdin ditugu aurrez aurre. Erabaki beharra zegoen, biak aurrera atera, biak bertan behera utzi edo bietako bat aukeratu”. Horregatik, federazioak antolatutako txapelketari uko egin eta beraiek antolatutakoa jokatuko dute.
Era berean, lehen eta bigarren mailako aizkolariek elkarte bat sortzeko beharra ere sumatu dute. Aizkolari “guztien arteko lotura” lana egingo duen elkartea, hain zuzen. “Guztion interesak defendatuko ditu, eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango da”. Bat egindako aizkolariek hainbat eskaera ere egin dituzte. Besteak beste, sare sozialetan presentzia handiagoa izatea, jarraitzaileak eguneratuta edukiko dituen webgune berri bat sortzea eta dietak zein ordainsariak handitzea; izan ere, lehen, txapeldunak 3.000 euro irabazten bazituen ere, 2013. urtetik aurrera 1.800 euro irabazten ditu.
Txapelketaren nondik norakoak. Aizkolariek euren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa urria eta azaroa artean jokatuko dute. Lehen mailako txapelketari dagokionez, lehen mailan dauden hamabi aizkolariek parte hartuko dute bertan, tartean, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak. Aurreratu dutenez, txapelketak kanporaketa fase bat edukiko du, eta ostean, sei onenek parte hartuko duten finala jokatuko da. Osasun egoerak baimentzen badu, kanporaketa Zestoan jokatuko dute urriaren 25ean. Eta finala Iruñean izango da azaroaren azken asteburuan, azaroaren 28 edo 29an.
Bigarren mailako txapelketari dagokionez, txapelketa antolatu duten zortzi aizkolariek zuzenean finala jokatzea erabaki dute; horien artean, Aratz Mugertza mutrikuarra egongo da. Orain arte finalean egiten zer lan berbera egin beharko dute. “Tokia eta data zehazteke daude, baina ahalik eta azkarren jakinaraziko ditugu”.