Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek grebari ekingo diote urriaren 6an
242 egun greban egon eta gero, Gipuzkoako egoitzetako ELAko langileek martxoaren 13an eten zuten greba. Orain, ostera, gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute. Momentuz, egun baterako deitu dute greba, urriaren 6rako.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek egiten ari ziren greba martxoaren 13an eten zuten, munduko osasun pandemiaren aurrean «erantzukizunez jokatzeko». Orain, ordea, grebari berriz ekitea erabaki dutela jakinarazi du ELA sindikatuak. «Foru Aldundiak eta enpresek egungo egoera oso larriaren aurrean duten borondate ezak behartuta», Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak duela bi urte baino gehiago hasitako borrokari berrekitea erabaki dute, langileen baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde. Langileek azaldu dutenez, une honetan, «pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan» ari dira lanean. «Gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da», nabarmendu dute.
Esan dutenez, «erabaki gogorra» hartzea beste biderik ez dute ikusi. Gipuzkoako egoitzetako ELAko langileek martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute, oraingoz, egun baterako: urriaren 6rako. «Ezin dugu onartu enpresak eta Aldundia sektore honetan egiten ari direna, non bizitzak jokoan dauden eta erantzukizunez jokatzen ez den», nabarmendu dute.
Izurriaren lehen olatuaren erasoa jasan eta gero, langileak «fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta» geratu direla nabarmendu dute. Horrez gain, salatu dute «enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria pairatzen» ari direla. «Lan gatazka eta gatazka soziala konpontzeko ahaleginak egin beharrean, eta langile, material eta lan baldintza hobeetan inbertitzen saiatu beharrean, gaur, 6 hilabeteko pandemiaren ostean, okerrago gaude», zioen oharrak. Adierazi dutenez, ez enpresak ezta aldundiak ere ez diote langileen eskaerari erantzuten, ez daude elkarrizketarako ezta negoziaziorako prest ere. «Gainera, langileoi eta Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei hain ondorio larriak ekarri dizkigun eredu horretaz harro daudela diote», salatu dute.
Egungo egoera «kezkagarria» dela ziurtatu dute. ELAk aditzera eman duenez, pandemiaren aurretik ere estrukturala eta defizitarioa zen langileria faltari, orain lan karga handitzea gehitu zaio, zentroen berregituraketa logikoa dela eta. «Hori dela eta, gaur egun langile-falta horrek arrisku larrian jartzen du, ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere». Langileek oharrean salatu dute bajak ez direla beti betetzen. «Ez dagoelako horiek betetzeko borondaterik, edo, besterik gabe, baldintza horietan lan egin nahi duen langilerik ez dagoelako; izan ere, gaur egun, egoitza batzuetan norbera babesteko ekipamenduak falta dira edo kalitate txikikoak dira, PCR analisiak egin ditzaten gogor borrokatu behar da…».
Langileen eskaria argia da: «Bizi dugun bigarren olatu honen aurrean, langile eta erabiltzaileok premiaz eta berehala baliabide pertsonal gehiago eta hobeak behar ditugu, hau da, bizi eta lanbaldintza hobeak. Azkenik, oharrak amaieran honela zioen: «Langileek zaintza publikoko sistema baten alde egin dute, ez aldundiaren enpresa lagunak aberasten dituen baten alde».