Herritarrek Euskaraldian izena emateko epea zabaldu da
Iazko Euskaraldian baino udalerri gehiagok eman dute izena aurten, 412k, eta ari dira entitateetan ere: 13.000 arigunetik gora dira jadanik. Herritarren txanda da orain. Hemen izena emateko loturak!
Orain bi urteko ariketan baino are olatu sendoagoa sortzeko bidean da Euskaraldia. Herritarrek izena emateko epea orain ireki dute, eta hori izango da giltzarrietako bat, baina oinarri sendoagoa prestatu dute jadanik. Batetik, udalerriei dagokienez: Euskal Herri osoko 412 herrik eman dute izena ariketarako, aurrekoan baino zazpi gehiagok. Tartean daude zazpi hiriburuak, eta, biztanle aldetik, herritar gehien-gehienen udalerriak barruan daude.
Bestetik, aurtengo ariketaren berritasuna da norbanakoena ez ezik ariketa kolektiboa ere izango dela: entitateetan eragin nahi dute, ariguneekin, euskaraz eroso aritzeko eremuekin. Bi hilabete barru izango da Euskaraldia, hamabost egunez: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Ariketan parte hartzeari dagokionez, erronka dute orain bi urteko Euskaraldian parte hartu zutenak berriz erakartzea, eta erabileran egin zuten urratsa berritzea. Baina harago jotzeko nahia ere badute, Arrate Illaro koordinatzailearen esanetan: «Nahi dugu lehen aldian parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa». Rolei dagokienez, ez dago aldaketarik: ahobiziek konpromisoa dute ahal den guztietan euskaraz aritzeko; belarriprestek, berriz, euskararen erabilera errazteko funtzioa dute.
Koronabirusa eragina izaten ari da, noski, Euskaraldia prestatzeko prozesuan. Herriz herriko batzordeen lana zaildu du. Baina baldintza horietan ere udalerri gehiagok eman dute izena, eta entitateetan ere bidea egiten ari dira. Izena emateko epea irekita dago, baina orain arte askotariko 4.300 zentrok eman dute izena, eta 13.000 arigune baino gehiago daude identifikatuta. Ariguneen helburua da euskaraz lasai aritzeko espazioak eratzea, euskara denek ulertzen dutela bermaturik.
Euskaraldian izena emateko, hiru bide hauek daude:
- Herriz herriko izen emate ekitaldietan
- Euskaraldiak sakelako telefonoetarako duen aplikazioan
- Interneten, Euskaraldiaren webgunean