Industria sarearen lehiakortasuna indartzeko hitzarmena sinatu dute Debabarreneko eta Debagoieneko enpresa elkarteek
Debabarreneko BPTD Enpresa Elkarteak eta Debagoieneko Enpresare enpresa taldeak sinatutako akordioari esker, bi eskualdeei balioa emango dioten ekimen bateratuak bultzatuko dituzte.
Hainbat hilabeteko bileren ondoren, Debabarreneko BPTD Enpresa Elkarteak eta Debagoieneko Enpresare enpresa taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordio horri esker, bi eskualdeei balioa emango dioten ekimen bateratuak bultzatuko dituzte. Dokumentua astelehenean [irailak 28] sinatu zuten Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearen bulego nagusietan.
Hitzarmenaren helburua bi taldeetako enpresek osatzen duten industria sarearen lehiakortasuna eta lan egiten duten eremu geografikoaren garapena indartzea dela azpimarratu dute. “Gure barrutiko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen dugu, industria jarduera lurralde ongizatearen iturri modura berritzeko”, agertu du Eduardo Zubiaurre BPTD Enpresa Elkarteko lehendakariak. Hori dela eta, Enpresarerekin sinatutako hitzarmena “aliantza estrategiko” bat dela gaineratu du. “Gure barrutia doitasun teknologien erreferente modura kokatzen lagunduko digu”.
Lankidetza publiko eta pribatuen bidez, eta Debabarrena eskualdeko udalen laguntzarekin, BPTD Enpresa Elkarteak jarduera ekonomikoa, talentua eta berrikuntza sortzea bultzatzen duten proiektuak garatzen jarraitzen du. 2020an industria jarduera eta enplegua indartzeko eta hazteko proiektuak ipini dituzte martxan, eta 2021eko Kudeaketa Planak ildo horiek lantzen jarraituko duela iragarri dute. Bereziki jarduera ekonomikoaren garapena landuz jarraituko dute.